Abotsanitz Herri Batzarrak "oso positibotzat" jo du, Hondarribiko Udalak Zaldunborda proiektuari lotuta joan den astean iragarritako auditoretza fiskal eta merkantil independentebat enkargatzeko erabakia. Neurri hau "ezinbestekoa eta arduratsua" dela dio Abotsanitzek, "diru publikoaren kontura negozioa egin nahi duen edozein saiakeraren aurrean" interes orokorra azken ondorioetaraino defendatu beharra dagoelakoan baitago.
Joan den azaroan HIGERTOKI eta ZALDUNBORDABERRI enpresek aurkeztutako salaketa judizialak "hondarribiarrentzat ondorio ekonomiko oso larriak" izan ditzakeela oroitarazi dute. Zehazki, 13,7 milioi euroko kalte-ordainak eskatzen baitituzte. "Udalaren urteko aurrekontuaren %40a da, 800 euro baino gehiago hondarribitar bakoitzeko", azpimarratu du Abotsanitzek. Alde horretatik, demandan eskatutako "euro bakoitza behar bezala justifikatua, dokumentatua eta erabat trazagarria" izan dadin auditoretza ezinbestekoa dela uste dute, eta beraz, "ez da keinu sinboliko bat, tresna politiko eta teknikoa baizik, luzez ilun egin den tokian argia jartzeko".
Halako egoera baten aurrean lasterbiderik ez dagoela adierazi du Abotsanitzek, "ez konfiantzarik, ezta isiltasun konplizerik ere". Hartara, fakturazioa kontrastatzea, koherentzia kontable eta bankarioa aztertzea, eta interes-gatazkak edo lotutako eragiketak identifikatzea "derrigorrezkoa" dela gogoratu dute, "herritar guztien baliabideak jokoan daudelako". Izan ere, Abotsanitzek argi utzi du, "Hondarribiak ezin duela eta ez duela bere gain hartuko behar bezala egiaztatuta ez dauden erreklamazio ekonomikorik".
Era berean, oposiziotik gatazka hau "izapide administratibo huts gisa" aurkezten saiatu direla, baina "auzi politikoa" dela azpimarratzen du Abotsanitzek. "Iraganeko akatsen kostua nork ordaintzen duen, eta huts egindako hirigintza-operazioak edo puztutako erreklamazioak noren mesederako izan diren", argituko duen auzia dela diote.
Hondarribiko Udalak joan den astean argitu zuenez, ez du Zaldunbordako prozesu judizialari buruzko balorazio ofizialik egingo aipatutako auditoretzaren txostena eskuartean eduki arte.