Bertan Hondarribiko alkatea Igor Enparan Aranetak parte hartu du, Alegia, Antzuola, Arrasate, Asteasu, Beasain, Berastegi, Deba, Getaria, Ibarra, Ikaztegieta, Legazpia, Ormaiztegi, Urnieta, Zizurkil eta Zumarragako alkateekin batera. 

Nerea Isasi Gipuzkoako Berdintasunerako Organoko zuzendariak aditzera eman du, bultzada berri bat eman zaiola Gipuzkoak 2018an lehen protokoloa onartuta hasi zuen erakundeen arteko konpromisoari. Irune Berasaluze foru bozeramaileak bere partetik, tresna hori gure inguruan “aitzindaria eta bakarra" dela nabarmendu du. Horri esker, lehen aldiz egituratu ahal izan baitzen erakunde mailako erantzun koordinatua, komuna eta ikusgarria eraso matxisten aurrean. “Berrikuspen horrekin, Aldundiak eta udalerriek lan partekatu hori indartuko dute, eta egungo errealitate eta erronketara egokituko”, argitu du Berasaluzek.

Aipatutako dokumentua eguneratzeko, lankidetza-prozesu bat egin da lurraldeko udalekin, emakumeen elkarte eta talde feministekin, “gobernantza eredu parte-hartzailea” indartuz. Gogoan hartu behar da, Hondarribiko Udalaren kasuan, agintaldi honetan Berdintasun arloa sortu eta teknikari bat kontratatu ondoren, une honetan Udal Berdintasun Plan berria osatzeko prozesuan ari direla.