Joan den udaberrian Hondarribiko Udalak Madalena Kuboko promozioa berriz negoziatu ondoren, adostutakoaren arabera, Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria (HAPO) indarrean sartzen denean, Construcciones Sukia enpresak etxebizitza pribatuak eraikiko ditu Kubo Madalena eremuan. Lursaila prest edukitzeko helburuarekin, egunotan ingurua prestatzen eta eraikina hustutzen ari dira. Eta behin lan horiek amaitutakoan hasiko dira eraikin zaharra eraisten lurzorua libratzeko.
Eraisketa lanak egiteko zenbait segurtasun neurri hartuko dituzte, bereziki trafikoari dagozkionak. Udalak aditzera eman duenez, otsailaren 26an eta 27an aurreikusiak diren lan hauek iraungo duten bitartean, ibilgailu partikularrek ezingo dute Sabino Arana kaletik igaro. Trafikoa San Kristobal biribilgunean desbideratuko dute, Harresilanda kalerantz. Era berean, Irun kaletik trafikoa Bidasoa kalera bideratuko da. Eta Sabino Arana kalean bost aparkaleku plaza kenduko dituzte aldi baterako, obra eremuan ibilgailuen zein oinezkoen segurtasuna bermatzeko. Autobus zerbitzuetan, berriz, ez da etenik aurreikusten, eta normaltasunez mantenduko dituzte.
Akordio onuragarria Madalena Kuboan
Oroitarazi beharra dago, etxebizitza pribatuen sustatzaileak sinatutako hitzarmen berriaren baitan, Hondarribiko Udalak Javier Ugarte kaleko 9. zenbakian ekipamenduetarako eraikin oso bat jasoko duela, Kubo Madalenaren parean dagoen lursail hutsean, hain justu. Halaber, eremuaren erdigunean plaza publiko berri bat sortuko da, balio historiko handiko harresi-elementuak berreskuratuz eta ondarearen garrantzia nabarmenduz.
Era berean, hondarribiarrek bizi duten etxebizitza estutasunari aurre egiteko, aurreko udal gobernutik eratorritako etxegintzari lotutako proiektu hau berriz negoziatu eta, «herritarren beharrak asetzeko, ahal den guztia optimizatzeko konpromisoa» adierazi du udal gobernuak. Alde horretatik, Mendienea (Montañenea) promozioa berriz negoziatzerakoan jarraitu zuten irizpide bertsuarekin jokatu zuten Madalena Kuboaren hitzarmen berrian ere. «Zuten kutsu pribatiboari buelta eman, eta etxebizitza publikorik ez zeuden tokian, orain 30 publiko jasoko ditu Labrederren (Atseden kalean) konpentsazio gisa», argitu zuen alkateak Antxeta Irratian akordioaren berri eman zuenean.
Guztira 2.192 m2-ko azalera eraikia izango du udalak eskura, Hondarribian erroldatuta dauden eta alokairu babesturako sarbide baldintzak betetzen dituzten herritarrei zuzentzeko. Horretarako, Udaleko Etxebizitza Departamentua sortuko dute.
Horrenbestez, udalak Madalena Kuboaren hasierako hitzarmenean herriarentzat aurreikusia zegoena baino «akordio onuragarriagoa» lortu duelakoan dago. Bertan 34 etxebizitza pribatu eraiki behar zituen promotoreak. HAPOaren arabera 13 publiko eraiki behar ziren, baina udalak 1.556.520 euroko konpentsazioa jasotzea erabaki zuen 2017an. Eta HAPOak zehazten zuen eraikigarritasun mailara egokitzeko eraikinaren fatxadaren altuera handitzeko Rehabite enpresak aparteko estudio tekniko bat ere egin behar izan zuen 2019an, 3.545 metro eraikigarrietatik 3.793 metro koadrora handitzeko.
Gerora, proiektuaren hasierako onespena 2020ko ekainaren 12an eman zen alkate dekretu bidez. Aldiz, aipatutako hitzarmena berriz negoziatu egin zuen iaz Hondarribiko Udalak, eta aurreko akordioaren ordez, 36 pribatu baimenduko ditu Madalena Kuboan, baina dagoeneko eraikiak dauden 30 publiko jasoko ditu, esan bezala, Labrederren. Hortaz gain, Jabier Ugarte kalean “Euskaraz Kapen” murala dagoen orubean, erdi-soto, behe solairu, gehi hiru solairu izango dituen eraikina eskuratuko du muxu-truk.