Ekainean iritsiko da behin betiko autobusa, elektrikoa, Hondarribiko Udalak 5 urtetarako esleitutako (urtean 270.000€ko) kontratua aurreikusitako baldintza guztiekin. Baina mementoz, sobera luzatu den hiri-garraioa hobetzeko zerbitzuak otsailaren 24 honetan jasoko ditu bere lehen bidaiariak. «Gehiago itxaron beharrean, zerbitzua emateari lehentasuna eman nahi izan diogu», azpimarratu du Igor Enparan alkateak.
Autobusa berria eta hibridoa da, eta kanpoaldetik txuria. "Hondarribiko autobusa" dion pantaila batek baizik ez du nobedadea iragartzen, eta San Juan de Dios biribilgunetik Arrokaraino eta itzulian egiten duen zortzi formako ibilbidean dituen 19 geltokiak * (Ikusi beheko oharra) ere, behin-behineko seinaleekin ezarri dituzte oraingoz.
Haatik, oinarrizko zerbitzua bermatzen du, hasteko. 29 lagun eramateko gaitasuna badu ere (17 eserita eta 12 zutik), ekainean martxan jarriko duten handiagoaren ordezkoa da datozen egunetan herritarrek deskubrituko dutena. Alkateak aditzera eman duenez, «matxura bati erantzuteko zerbitzuak bi autobus eskatzen ditu, eta orain martxan jarritakoa ordezkoa da berez, bestea eraikitzen ari direlako oraindik».

Gainera, udarako espero duten behin betikoak herritarrek prozesu parte-hartzaile baten bidez erabakiko duten diseinua izango du aurrerantzean, eta «iritziak entzuteko prest dagoen udala» dela nabarmenduz, alkateak argitu du abiapuntu bat dela. «Berria den guztia bezala seguruenik hobetu ahal izango da, eta ibilbidea bera edo soberan zein faltan den geltokiren bat baldin badago» aldatu ahal izango den zerbitzua da.
Nolanahi ere, herriko osasun zentroa, hilerria, gizarte zerbitzuen bulego berria, hiru eskolak, Saindua gaztelekua, kiroldegia eta zerbitzu nagusiak garraio publikoaren bitartez ahalik eta herritar gehienen eskura jartzeko helburua duen zerbitzua martxan dute Hondarribian aurreneko aldiz.
Alternatiba historikoa
Gaur 10:00etan lehen itzulia egin dute udal ordezkari guztiek probatzeko. Izan ere, hasieratik alderdi politiko guztien begirunea izan duen proiektua izanagatik ere, su-txikian sukaldatu den zerbitzua da. Eta «historikotzat» jo dute mugikortasunean egindako urratsa. Oroitarazi beharra dago, autobusaren proiektua egituratzeko, udalak bideragarritasun azterlana egin zuela Endara Ingenieros Asociados S.L. enpresaren eskutik, hainbat helbururekin.
Izan ere, herri barneko desplazamenduen %40 auto pribatuz egiten da gaur egun, eta jasangarria izateko %20koa beharko luke. Hala, geltokien kokapen egokiena eta ibilbidearen antolaketa eraginkorrena izan dadin, 150 metroko distantzian (hau da 3 minutu oinez) linea berriak 6.719 biztanleri eragingo die. Honi esker, lehendik ere martxan zeuden Ekialdebus lineak gehituta, 10.345 hondarribiarrek izango dute etxe ondoan autobus geltoki bat, garraio publikoan herrian mugitu ahal izateko. Hau da, herritarren %62.

Azahara Dominguez, Lurralde eta Garraio diputatuak ere, Hondarribiko Udalak «garraio jasangarriaren alde» egindako apustua goraipatu du. Izan ere, «autobus zerbitzua ez da udalen eskumena den zerbait, eta hala eta guztiz ere, proiektua bultzatzea erabaki dute», gogoratu du. Alde horretatik, Gipuzkoako Foru Aldundiak «garraio publikoa hobetzeko eta herritarrak konektatzeko» konpromisoa duen heinean, Hondarribiko hiribusaren erabiltzaileek Mugi sistemaren abantaila guztiak gozatu ahal izango dituztela nabarmendu du. Lurraldebuseko gainerako autobus zerbitzuekin transbordoak dohainik izango dira, baita 15 urtetik beherako hondarribiarrek ere. Eta adinaren araberako zein familia ugarien gainerako hobariak ere berdin aplikatuko dituzte.
Hondarribiko Udalak, Garraio Agintaritzak eta Foru Aldundiak hilabete luzez izandako «lankidetza estuaren emaitza» dela azpimarratu dute agintariek. «Ez da bide erraza izan, baina autobus berri hau mugarri izango da Hondarribiaren konektibitatean eta auzotar askoren bizitza aldatuko du».
Prozedura luzea, oztopoz betea
Hain justu, Hondarribiko udal gobernuak 2023an hasi zuen hiribusaren proiektua errealitate bilakatzeko prozedura administratiboa. Eta Igor Enparanek azaldu duenez, «Mugi sisteman integratzeko prozesua luzea izan da, hamaika lan-bilera eskatu dituena». Hala ere, proiektuaren erroak urrunago daude. Luze jo duen proiektua baita honakoa. Udal talde politiko guztiek babestu izanagatik ere, motel joan da. PSEk proposatu zuen 2014an aurreneko aldiz, eta Mugikortasun Mahaiak 2017an aztertzen hasi ondoren, EAJ gobernuan zela 2021ean eman zion espedienteari hasiera. Aldiz, oztopo administratibo ugari izan ditu proiektuak, «hutsetik sortzen den halako edozein zerbitzurekin bezala».
Azkenean, agintaldi honetan eman diote azken bultzada, ibilbidea zehaztuz, MUGIn integratuz eta kontratazioa esleituz. Zerbitzua goizeko 7:10etik 21:10ak arte egongo da martxan, ordu erdiko maiztasunarekin, eta ondoko geltokiekin.
* Hauek dira geltokiak: San Juan De Dios plaza, Sabino Arana (igogailua), Itsas Etxea, Iturriberri, Saindua, Kattalin Erauso kalea, Jaizkibel hiribidea, Torrea, Hilerria, Talaia BHI, Talaia LHI, Baserritar etorbidea 92, Foru kalea (Arroka), Foru kalea 3, Asto Bidea, Sokoa merkatalgunea, Donosti kalea (eskailera mekanikoak), Ama Guadalupekoa, Biteri. 30 minutuko maiztasunarekin, eta 7:10etik 21:10ak arte emango du zerbitzua. Transbordoak egiteko aukera emango du Foru kalean (Arroka) E25 linearekin, Foru kalea 3 (E20, E25, E27).