Zerbitzua euskaraz emateko eta hizkuntza eskubideez hausnartzeko ikastaroa jaso dute Hondarribiko udaltzainek

Antxeta Irratia 2026ko otsailaren 27a

UEMAren (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) eta udaleko Euskara Sailaren eskutik 10 orduko ikastaroa jaso dute Hondarribiko udaltzainek eta Udaltzaingoko harrerako langileek. Zerbitzu publikoetan euskarak duen lekua indartzeko, eta herritarren hizkuntza eskubideak zaintzeko konpromisoak hartu dituzte.

Hondarribiko udaltzainek eta Udaltzaingoko harrerako langileek Hondarribiko Udalaren hizkuntza irizpide eta herritarren hizkuntza eskubideen inguruko formakuntza jaso dute. UEMAren (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) eta udaleko Euskara Sailaren eskutik, bi orduko bost saio egin dituzte, eta parte-hartzaileek hizkuntza eskubideen garrantziaz hausnartu ez ezik, konpromiso zehatzak ere hartu dituzte eguneroko jardunean euskararen presentzia eta herritarren eskubideak bermatzeko.
 
Hondarribiko Udalak aditzera eman duenez, «zerbitzu publikoetan euskarak duen lekua indartzen jarraitu behar da, herritar guztien hizkuntza eskubideak errespetatuz eta zainduz.»
 
Ez da lehenbiziko aldia, Hondarribiko udal langileek UEMAko teknikariaren eskutik ikastaroak jasotzen dituztela. 2024 urtean, udal administrazioko zenbait langilek 12 orduko ikastaro bat egin zuten. Kasu hartan, ikastaroaren helburua administrazioko hizkeran trebatzea, ohiko hizkuntz akatsak zuzentzea eta idatzi argiak eta ulergarriak sortzeko irizpideak finkatzea izan zen.
 
UEMAko kide izatearen abantailak
 
2023ko azaroaren 28ko udalbatzan Hondarribiko Udalak UEMAn sartzea onartu, eta Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean 104. udalerria bilakatu zen. Horri esker, herrian euskararen erabilera suspertzeko hainbat laguntza eta aukera berri bideratu ditu udalak azken bi urteetan. Goazen ala Irabazi Arte bezalako telesailen aurre estreinaldiak herrian proiektatu ahal izateaz harago, UEMAko kide diren udalerrietako gazteentzako SALTO udaleku ibiltarietan parte hartzeko aukera eman die Hondarribiko gazteei. Era berean, udal langileentzat ikastaroekin batera, herriko hainbat kolektibo eta ekonomia sektoreei zuzendutako, paisaia linguistikoa euskalduntzeko dirulaguntza lerro eta laguntza praktikoa ere eskaintzen ditu UEMAk.
 
Hondarribia UEMAko kide den heinean, haien laguntza baitezpadakoa izango da, herritarren engaiamendua bezainbeste. Udalak abian jarritako Euskara Plan Estrategiko berriaren akuilu lanetan ariko bada ere, herrian euskara prestigiatu eta blagan egiteko motibazioa pizteko herritarren eusle lana ezinbestekoa izango dela aitortu izan du Antxeta Irratian Garoa Lekuona Euskara zinegotziak. Izan ere, Udalak berak «baliabide eskasak edo gabezia handiak» dituela dio. Izan ere, Hondarribiaren tamainako herri batentzat Udaleko Euskara Saila txikiegia da.