M8ko programari abiada eman dio Emekik aurtengo Kartel Lehiaketaren erakusketarekin

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 2a

Emeki emakumeen elkarteak M8aren bueltan 'Emakumearen Astea' iragartzeko antolatzen duen Kartel Lehiaketaren erakusketa ikusgai, gaurdanik martxoaren 13ra arte Arma Plazan.

Duela sei urte jo zuen Emeki elkarteak lehen aldiz Hondarribiko Udalera M8ko Emakumeen Astearen programazioa iragartzeko, kartel lehiaketa bat antolatzeko ideiarekin. Urtez urte errotzen doa, eta aurten Udaleko Berdintasun arloaren laguntzarekin amtolatuta, 17 obra jaso dituzte. 

Iazko Yoana Mintegui Castro artista irundarraren kartel irabazlearen lekukoa, herriko 21 urteko Noa Iza Goikoetxearen lanak hartu du Emakumearen Astea iragartzeko. Hartara, 450€ko sariaz gain, karteletan, herriko leku publiko askotan ikusgai dugu egunotan. Egileak kontatu duenez, M8ko mezuaren inguruan pentsatzen hasi zenean hainbat bozeto egin zituen, eta funtsean horren inguruko iruditeria landu du. "Paint tresna erabili dut, horrelako kartel legitimo eta duinak eskura ditugun tresnak erabilita egin daitezkeela erakusteko", azaldu du Izak. Berdintasunaren alde eta jarrera matxistei aurre egiteko, egunerokoan denok batu behar garela adierazi nahi izan duela dio.

Bere lana eta aurtengo lehiaketan parte hartu duten gainerako 16 kartelak Arma Plazan ikusgai dituzue martxoaren 13ra arte. Emeki elkarteko kideek gaur atondu dute Arma Plazako goiko erakusketa gunea, eta dagoeneko bertan topatuko dituzue.