24. Korrikak 2.175 kilometro egingo ditu, eta martxoaren 19an Atharratzetik abiatu eta martxoaren 29an Bilbon amaitu bitartean gure eskualdetik bitan pasako da. Bietan goizeko ordu txikitan. Hondarribiarrek martxoaren 25ean hartuko dute lekukoa goizeko 5:25ean eta 6:15ean aterako da. Guztira 20 lekuko hartze izango dira herrian. Eta jendea goizeko ordu txikitan animatu dadin, egun horretan gosari puntuak zehaztuko dituzte datozen egunetan.
Baina bitartean, motorrak berotzen hasiko dira. Martxoaren 6an Korrika Kulturalaren baitan antolatutako lehen hitzordua izango da, 18:00etan. Laburbira, euskarazko film laburren zirkuitu ibiltariaren proiekzioak Kultur Etxeko areto nagusian aurkeztuko dituzte. Martxoak 11, asteazkenean (19:00etan), Joseba Zulaikaren Aberriaren inpaseak liburuaren aurkezpena egingo dute Kultur Etxean. Martxoak 15ean eguerdian, Antxeta Irratiko Gonekin ero bero podcastaren grabazioa egingo dute Psilocyben. Iragarri dutenez, Sara Azurza, Maite Larburu, Irati Alcantarilla eta Marina Cabezon musikariekin"Oholtza bete ahots: euskal musikariak feminismotik mintzo" saioa izango da mahai baten bueltan, eta The Iiingles taldearen kontzertuarekin borobilduko dute emankizuna. Martxoaren 27an, ostiralarekin itxiko dute Korrika Kulturala, Arma Plazako Turismo bulegoan. Garikoitz Goikoetxearen eskutik, “Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan” hitzaldia izango da 18:00etan.
Korrika ospatzeko herri ekimena
Garoa Lekuona Euskara Saileko hautetsiak eta Korrika Batzordeko koordinatzaile Uxue Criadok «herri eragileen parte-hartzea eta elkarlana» nabarmendu dute. Eta azken hilabeteetan ondutako programazioa «hemen herri euskaldun bat bizi dela» adierazteko balio izango duelakoan daude. Baita «Hondarribian euskararen erabilerak behar duen bultzadarako» aukera eman ere Lekuonaren ustez.
Hartara, martxoaren 14an Korrika Eguna antolatu dute. Egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako. Eta Santa Maria Madalena plaza (Barriotxino) erdigunea izango badu ere, eta Portua auzo inguruan ibiliko badira batik bat, herri osoko eta adin guztietako herritarrak gonbidatu dituzte ospatzera. Uxue Criadok azaldu duenez, herriko eragile andana batek bere hondar alea jarri du egitaraua antolatzeko. «Hondarribiarrek eta hondarribiarrentzako antolatu dugu, euskararen alde eta euskarak batzen gaituelako, jende asko eta gogotsu etorri da batzordeetara lanerako prest», azpimarratu du.
Eguna goizeko 10:00etan hasiko da, Mintzalagunek eta Pentsagune Feministak antolatutako mintzodromoarekin. Ondoren, Sustrai Batukada Feministarekin batera San Gabriel egoitzara igoko dira, eta han Marla abesbatzarekin elkartuko dira. Alde Zaharrean barrena kantu jira egingo dute, eta gero Portura jaitsiko dira Abiyuan txarangarekin poteoa egiteko. Ekitaldi nagusia bazkari herrikoia izango da, Blagan euskara elkartearen laguntzarekin antolatuta. Eta egun osoan zehar tailerrak izango dira Gaztelekuaren, Sorburu Baratzaren eta Emekiren eskutik. Bazkalostean musika eta dantza ikuskizunak (Pilar Pena dantza taldea, Musika Eskola eta Basque Valery ballet eskola), eta Hondarribiko erraldoiekin eta Kemen Dantza Taldearekin kalejira egingo dute. Emekik antolatutako bingo musikatua ere izango da, eta amaitzeko, musika eta jaia izango dira. Muara kultur elkartean jarraitu ahal izango da festa.
Korrika Txiki eta Gaztea
Bestalde, Ama Guadalupekoa, Egiluze eta Talaiako ikasleak kalera aterako dira martxoaren 18an, Arma Plazatik abiatuta herria euskararen alde zeharkatzeko prest. Ikasleek azaldu dutenez, Korrika Txikia 10:00etan abiatuko da Arma Plazatik, eta Korrika Gaztea 11:45ean. Ibilbidea Santa Maria Madalena plazan amaituko dute, baina eguraldia txarra balitz Jostaldin egingo lukete amaiera ekitaldia.