Hondarribian kultura suspertu nahi dute. Txikitik handira ari dira horretan 2022ko azaroan Aiza Kultur Elkarteak herriko sortzaileen sarea ehuntzeko mahai-ingurua antolatu zuenetik. Ondoren Hondarribiko Udalak hartu zuen lekukoa, eta 30 bat herriko artista eta sortzailerekin bilera batean identifikatutako beharrak asetzeko, urratsak egiten doa piskanaka. Iaz Hondarribia Sormen Hiria bekaren sorrera izan zen horietariko bat. Aste honetan bertan zabaldu dute bigarren ediziora aurkezteko epea.
Maddalen Arte Sorkuntzarako gunearen irekiera izan zen beste bat, azken urtebetean herriko hainbat artisten tailer eta erakusketagune bilakatu dena. Judas Arrieta artistak proiektua abiatu ondoren, 2026 honetan Sandra Cuesta Aizkorbek hartu du haren lekukoa, eta ARIRA kultur-proiektua eta programazioa aurkeztu berri du otsailean. Era berean, Papillon Zineklubak bideratzen duen Polborinaren irekiera ere bada, herrian kulturari bide eman nahian, udalak bultzatutako ekimenen artean, jar daitezkeen adibideetako beste bat.
Oraingoan, aldiz, Hondarribiko Udalak herriko sortzaile eta artisten zerrenda publiko eta eguneratua osatzeko prozesua jarri du martxan. Proiektu honen helburua «herriko talentua bateratu eta ezagutaraztea» dela aditzera eman du Ortzi Alonso Kultura eta Herri Kohesiorako zinegotziak. Izan ere, zerrenda horren bidez, herriko sormen komunitatea ikusgarri egin nahi dute, eta Hondarribian dagoen diziplina ezberdinetako artista sarea denen eskura jartzea. Alonsok azaldu duenez, «Herriko Artisten Katalogo Digitala udalaren webgunean zintzilikatuko da, eta Hondarribia Kultura egitasmoaren barruan urrats bat gehiago da».
Alde horretatik, zerrenda horrek pintura, ilustrazioa, eskultura, argazkigintza, bideoa, musika, antzerkia, dantza, diseinua, artisautza, literatura, performancea eta bestelako sormen-adierazpenetan ari diren herriko artistak bilduko ditu. Digitala izango da, zinegotziaren arabera «piskanaka eguneratzen joan beharko dugun zerrenda bat delako, bizirik dagoen zerbait da».
Hala ere, proiektu honen haritik, zerrenda huts batetik harago joan nahi dute, eta udal ordezkariak azaldu digunez, Herriko Artisten Katalogo Digitalarekin batera, Artisten Mapa bat ere sortu nahi dute. «Herrian dauden artisten tailerrak, galeriak, aretoak eta kulturgune ezberdinen mapeo bat egingo dugu, eta hau bai paperean argitaratu egingo dugula denen eskura jartzeko», azaldu du Alonsok.
Hondarribiko Udaleko Kultur arloak jakinarazi duenez, martxoaren 30era arte eman dute datuak biltzeko epea. Artista edo sortzaile bakoitzak, argazki pertsonala, harremanetarako datuak eta 5-10 lerrotan idatziriko biografia labur bat helarazi beharko dute maddalen.arte.gunea@gmail.com helbidera.