Kultura josten jarraitzeko haria nondik tiratu badakite Hondarribian

Koldo Nausia 2026ko otsailaren 18a

Eugenio Ortiz Miguelen RABELAIS KANTA izango da Maddalen Arte Gunetik abiatutako ARIRA proiektu artistiko berriaren 2026ko lehen proposamena. Kultur Etxeko gordailuan ikusi ahal izango dugu otsailaren 21etik martxoaren 29ra. Izan ere, Sandra Cuesta Aizkorbek hartu du Judas Arrietaren lekukoa Maddalen artisten topagune eta tailerrean, eta arte plastikoak musikarekin uztartzen duen egitaraua ondu du, publiko berriak erakartzeko eta kulturaren hazia herriko beste gunetan ere ereiteko prest. 

Herriko Eugenio Ortiz Miguel, Maider Goikoetxea, Itziar Basterretxea eta Oscar Gómez Mata artistak, eta Sagusar, The Iiingles musika taldeak edota L’Alakran antzerki taldea izango dira 2026 honetan, Maddalen Arte Gunearen galbahetik pasatako kultur proposamenak. Eta iaz bezala, Hondarribia Sormen Hiria bekari esker, haien lanak garatzeko aukera izango duten herriko sortzaileen esperimentazio tailerra bilakatzearekin batera, haien ondoko erakusketek osatuko dute egitaraua.

Baina izenak eta obrak aldatuko badira ere, funtsean helburu berarekin lanean jarraituko du Hondarribiko Udalak herrian kultura suspertzen. Ortzi Alonso Kultura eta Herri Nortasunerako hautetsiak azaldu duenez, Maddalen Arte Gunearen esperientzia baikorra izaten ari da, artisten arteko elkarlana eta haien ezagutza bultzatzen duelako. Iaz gainera, herriko bost artista azaroaren 27tik 30era Bilboko Euskalduna Jauregian ospatu zen FIG Bilbao XIV. edizioan parte hartzeko aukera izan zuten urteari amaiera bikaina emanez. «Baina herriko artista eta sortzaileekin lanketak ez du etenik, buru-belarri lanean jarraitzen dugu, eta Judas Arrietaren gidaritzapean egindako lanari jarraipena emateko abendua bitartean komisariotzaren deialdia egin genuen», azaldu du Alonsok.

Eta Sandra Cuestak aurkeztutako ARIRA proiektua hautatu dute. Udal ordezkariak artearen arlo ezberdinetan 30 urtez egin duen ibilbide sendoa nabarmendu du. «Artista polifazetikoa da, Arte Ederretan lizentziaduna eta eskulturan espezializatua, baina performance eta musika zein koreografian ere aritua», argitu du.

Sandra Cuesta (Maddalen guneko komisario berria) eta Ortzi Alonso RABELAIS KANTAren aurkezpenean.

Arte Ederrak ikasi zituen EHUn, 1999an Erasmus beka bat lortu zuen Boloniako (Italia) Arte Ederren Akademian ikasketak egiteko. Eta orduz geroztik, denetarik egin du, Consonnik eta Bilboko Institutu Frantsesak 1998an antolatutako "Quelque chose" performanceari buruzko topaketan parte hartu zuen. Eta urteotan guztiotan Donostiako Koldo Mitxelena, Tabakalera, Azkuna Zentroa edota Lisboako MIMAPen aurkeztu izan ditu edo garatu bere lanak, besteak beste. Esan bezala, eskulturgilea bada ere, dantzan ere prestakuntza handia du. Release teknikan eta antzerkian batik bat, eta Artelekun hainbat koreografia ikastaro jarri izan ditu martxan. 

Alde horretatik, ARIRA proiektuak Maddalen Arte Gunearen proiektua garatzen jarraitzeko aukera emango duelakoan dago Ortzi Alonso. «Bereziki gustatu zaigu irekidura bat ekartzen duela, arte plastikoa eta musika uztartuz, eta ez dela Maddalen gunera mugatzen, bertatik herriko beste espazioetara hedatzeko helburua duen egitaraua prestatu duelako», azpimarratu du.

Kultura josteko haria

Aurtengo proposamen artistikoa diziplina anitzekoa izango da, eta Maddalen Arte Gunea abiapuntu izango badu ere, ez da horretara mugatuko. Guneak eskaintzen dituen aukerak ongi ezagutzen ditu Sandra Cuestak. Izan ere, joan den urrian Liquid Gogo proiektua aurkeztu zuen han, eta ate batek beste bat ireki ziola aitortu digu. Esplikatu digunez, otsailaren 21ean Kultur Etxean komisario artistiko gisa antolatu duen aurreneko proposamena han suertatu baitzen. «90. hamarkada bukaeran Benta Zaharrean udalak utzitako espazio handi bat tailer izan genuen Eugenio Ortiz eta biok, eta orduz geroztik ezagutzen dugu elkar», kontatu digu, «eta Maddalen Arte Gunera bisita egin zidala hitz egiten sortu zen RABELAIS KANTA proiektuaren ideia». 

ARIRA programaren lehen erakusketa izango da honakoa. Eugenio Ortiz Miguel artistaren, Harkaitz Cano idazlearen, Sandra Cuestaren eta Marla abesbatzaren parte-hartzearekin, François Rabelais idazleak 1532an, Pantagruel liburuan idatziriko euskarazko pasarte bat oinarri hartu dute. «Errenazimentuan euskaraz inprimatutako lehen hitzetako batzuk dira, neurri batean enkriptatuak iritsi zaizkigu inprentako akatsengatik», dio Cuestak.

Rabelaisek Hondarribia (Fontarabie) ere aipatzen du, garaiko muga garrantzitsu gisa. Eta Eugenio Ortiz Miguelek testu historiko hori hartu du abiapuntu gisa, hitza bera material artistiko bihurtuz, eta iraganeko testu batetik gaur egungo sorkuntzara jauzi eginez. Cuestak dioenez, «testuari ahotsa eman nahi izan dio, eta horretarako Kultur Etxeko Artxibo gordailuaren aldameneko lokalean entseatzen duen Marla abesbatzak abesti bilakatu du». 

Hortaz, erakusketa honen baitan kantu bat sortu dute enkarguz, ikuspegi koral batetik abiatuta. Eta otsailaren 21ean (12:00etan) egingo duten aurkezpenean abestu eta grabatu egingo dute. Gerora, martxoaren 29ra arte Kultur Etxeko artxiboan (beheko solairuan) larunbata eta igandeetan, 11:00etatik 13:00etara erakusketara bisitan entzun ahal izateko.

Urte osoko egitaraua

Baina esan bezala, Eugenio Ortiz Miguelen proposamena aurrenekoa besterik ez da izango. Kultur Etxeko gordailuan egokitu dute, bere lana artxiboari lotuta dagoelako. Baina apirilean Maddalen Arte Gunera itzuliko da egitaraua, Maider Goikoetxearekin. Eta Cuestak iragarri duenez, Sagusar taldearen kontzertuarekin borobilduko dute. «Herrian aukera polita dago espazio ezberdinak erabiltzeko, eta hori probestuko dugu» aurreratu du pista gehiegirik eman gabe. 

Era berean, udako sasoiari begira, ekainean, Itziar Basterretxea sortzailearen proposamena aurkeztuko dute. Maskaren inguruan lan bat izango da, eta musikarekin uztartuko dute. «Bere proiektu plastikoa, bere proiektu musikalarekin nahastuko dugu, The Iiingles emakumeen taldeko kidea denez», argitu du programatzaileak. Bestalde, udan ere, Oscar Gómez Mataren L’Alakran antzerki taldea izango da protagonista. Kale-antzerkia egiten du eta proposamen irekia dela aurreratu du. Azkenik, Hondarribia Sormen Hiria bekadunen erresidentzia artistikoek eta erakusketek osatuko dute udazkeneko programazioa Maddalen Arte Gunean.