Hondarribiko gune sozial eta komertzial nagusia hobetzeko prozesua EAJ gobernuan zegoela bultzatutako egitasmoa izan dela diote, eta horri esker, azken 15 urteetan auzoko saneamendu-sarea berritu eta oinarrizko azpiegiturak modernizatzeaz gain, pertsonak erdigunean jartzen dituen hirigunea bilakatu delakoan dago. "Oinarrizko azpiegiturak modernizatu dira, herriko bizitza sozial eta komertzialerako pentsatutako hirigune atseginago eta oinezkoentzat egokiago baterantz aurrera eginez", azpimarratu dute jeltzaleek.
Alde horretatik, "herritarren egungo beharretara egokitzeko helburuarekin" Hondarribiko Udalak aurrera eramandako prozesu luzea gogoan hartu dute. Baita Portu auzoan egindako jarduketen sei faseak oroitarazi ere. Izan ere, 2010ean Almirante Alonso kalea berritu ondotik, 2011 urtean II. fasea hasi zen Matxin de Arzu eta Bernat Etxepare kaleetan. Ondoren, 2012 Zuloaga kalea berritu zen, espaloiak eta errepidea kota berean ezarriz, eta San Pedro kaleko 17. zenbakitik 79.era 2013-2014 urteetan egokitu zuten. Bosgarren fasea 2016an egin zen, San Pedro (1-15) kalean. Eta Santiago kalearen lehen zatia (23-89 zenbakien artean) eta Madalen karrika 2017-2018 urteetan.
Azken bi faseak, aldiz, agintaldi honetan burutu ditu Hondarribiko Udalak. Baina EAJk gogorarazi du, Santiago kalea (1-23) eta Arrantzale auzoko jarduketa aurreko legegintzaldian bideratuta utzi zuela, eta obrak plangintzaren arabera gauzatu direla gogorarazi dute.
Azken honen kasuan, Arrantzale auzoan, 2025eko otsailean abiatu zituen obrak Urbycolan enpresak 2.861.454,95 euroko aurrekontuarekin.