Martxoaren 18an itxiko dute Hondarribian M8aren bueltan antolatutako Emakumeen Astearen programazioa. Baita Bilgune Feministak Hondarribian antolatzen duen bere historiako aurreneko hitzaldiarekin itxi ere. "Transfeminismoa Euskal Herrian" izenburupean, Kultur Etxean (19:00tan) Elene Lopetegi Olea adituaren eskutik «transfeminismoari buruz noiz hasi ginen Euskal Herrian hitz egiten, zer bilakaera izan duen, eta zeintzuk diren teoria eta praktika politiko horren gakoak argitzeko eta ulertu ahal izateko aukera» eman nahi dutela azaldu digu Amaia Andrieuk, Bilgune Feministako Hondarribiko ordezkariak.
Hausnartzeko gonbidapen bat dela dio, «askotan epaiak egiten direlako azkar, gehiegi ezagutu gabe, eta feminismoa eta transfeminismoaren arteko talka irudikatzen ari direlako arlo askotan, baina borrokarako aterpe amankomun dute, eta eskutik helduta joan daitezke», argitzen du.
Hondarribian ikuspuntu ezberdin bat emateko asmoz, hitzaldia ematera Elene Lopetegi Olea ekintzaile transfeminista gonbidatu dute. 2025ean "Garen piztiaz beste. Hitz egin liteke euskal transfeminismoaz?", liburua argitaratu zuen Txalaparta argitaletxearekin. Eta hari horri tiraka, Amaia Andrieuk bota du hitzaldiarekin jopuntuan jarri nahi duten gakoa. «Identitate ez normatiboak dituzten pertsona horiengan ere arreta jarri nahi dugu, ezin dugulako ahaztu indarkeria matxista jasaten duten beste kolektibo batzuk daudela», dio Bilgune Feministako kideak, «eta hor, arau heteropatriarkaletik kanpo geratzen diren identitate anitz horiek ditugu».