Hondarribiko HAPOaren txostena egokia bada ere, prozesua hiru hilabetez luzatuko da doikuntza teknikoak egiteko

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 18a

Txostenak balorazio positiboak jaso ditu planeamenduaren hiri-ereduari dagokionez, hala gehienez 1.590 etxebizitza eraikitzeko lurzoruaren kuantifikazioari buruz, nola Zubieta eta Zaldunbordan jarduera ekonomiko jasangarriak sustatzeko bideratutakoan ere. Baina ingurumen eta ondare arloko zehaztasun teknikoak egin beharko ditu Hondarribiko Udalak segurtasun juridikoa hobetzeko. 

2040 urteko Hondarribia marraztuko duen Hondarribiko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari (HAPO) hasierako onespena eman zioten 2025eko ekainaren 19ko udal osoko bilkuran. Eta prozedura jarraituz, orain Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Batzordeak HAPOari buruz egindako txostena jaso du udalak.

HAPOa lantzerako garaian Udal Gobernuak «zuhurtzia politiko handiz» baina «ausardiaz» jokatu duela azpimarratu zuen Igor Enparan alkateak hasierako onespena behin lortu zutenean. Eta txostenak balorazio positiboa jaso du planeamenduaren hainbat alderdi garrantzitsuri buruz, bereziki Hondarribiko Udalak proposatzen duen hiri-ereduari dagokionez. Baina zenbait ohar eta doikuntza tekniko ere jasotzen ditu, planeamenduan sartu beharko direnak izapidetzearekin jarraitu aurretik.

Batik bat, arau-zehaztasunei, sektorekako tresna jakin batzuekin koordinatzeari eta ingurumen zein ondare arloko alderdi batzuei buruzkoak dira, segurtasun juridikoa hobetzeko baliagarriak izango direnak. 

Udalak adierazi duenez, zerbitzu teknikoak dagoeneko lanean ari dira adierazitako aldaketak txertatzen. Eta behin sartuta, espedientea berriro bidali beharko zaio Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Antolamenduaren Batzordeari haren behin betiko txostena eman dezan.

Udalaren kalkuluen arabera, doikuntza tekniko horien prozesua gehienez hiru hilabeteko epean amaitu ahal izango da, eta ondoren, Plan Orokorrak bere izapidetze administratiboarekin jarraituko du. 

Hiri-eredu egokia

Alde horretatik, Batzordeak uste du HAPOk proposatzen duen lurzoru okupazioaren eredua bat datorrela Donostialdea-Bidasoa Beherea Lurralde Plan Partzialean ezarritakoarekin, eta positiboki baloratzen du planean aurreikusitako elementuak sartzea, hala nola hiri-inguruko parkeak.

Era berean, txostenak balorazio ona egiten du etxebizitza lurzoruaren kuantifikazioari buruz: gehienez 1.590 etxebizitza berri eraikitzeko ahalmena aurreikusten baita, lurralde plangintzak ezarritako irizpideekin bat datorren kopurua. Eta HAPOak ezartzen du etxebizitza babestuak libreekin batera gauzatuko direla.

Udal Gobernuak ekainean dokumentua aurkeztu zuenean Estitxu Urtizberea Hirigintza ordezkariak, etxebizitza publiko hori guztia kudeatzeko Etxebizitza Bulego bat sortzeko asmoa iragarri zuen. Eta eraikiko diren bizitoki kopuruetatik haratago, etxebizitza politika aldaketa batek, herriaren trinkotasuna eta galtzen ari den nortasuna babesteko tresna dela azpimarratu zuen. «HAPOak zer eraikiko den non, eta noiz zehazten du», zion Urtizbereak, «baina asmo politikoa eta herritarrek egindako alegazioen %40 inguruk izan duen joerarekin bat egingo du ere». Egindako saio parte-hartzaileetan bereziki herritarrek «orain arte poblazioa segregatzen eta herritik kanporatzen zuen etxebizitza politikarekin» kezkaturik azaldu zela gogoratu baitzuen. 

Zentzu horretan, 70. hamarkadatik «lehen eta bigarren mailako hondarribiarrak segregatzen eta heren bat herritik kanporatzen zituen etxebizitza politika eraldatu» nahi du Udal Gobernuak, 900 etxebizitza publikoko parkea eraikiz. Etxebizitza Legea muturreraino eramango zutela hitzeman zuten, «Hondarribian bizi ahal izatea ahalbidetzeko» batetik, eta Zubieta eta Zaldunbordan jarduera ekonomiko jasangarriak sustatzeko, «lanpostu berriak behar direlako, baina ez edozein preziotan».

Hain justu, Batzordeak positiboki baloratzen du HAPOan jarduera ekonomikoetarako aurreikusitako lurzoruaren kuantifikazioa.

Beste arlo batzuetan ere, hala nola hainbat lurralde plan sektorialetara egokitzean, besteak beste ibai eta errekei, hezeguneei, lurzoru agroforestalari edo bizikleta-bideei lotutakoetan, txostenak adierazten du espedientea bateragarria dela, eta ez dela oinarrizko eragozpenik planteatzen azpiegiturei eta zerbitzu sareei dagokienez.