Arrantzale auzoko berrurbanizazio lanak amaituta, Pasaia kalea berritzen hasiko dira

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 18a

Arrantzale auzoko berrurbanizazio lanak amaitu dira, eta kalea berriz zabalik egongo da martxoaren 19tik aurrera. Obrak 2025eko otsailaren 3an hasi ziren, eta aurreikusitakoa baino bi aste lehenago bukatu direla nabarmendu du Hondarribiko Udalak, «Aste Santuko oporraldia baino lehen espazioa berriro irekitzeko helburua betez». Lanak Urbycolan enpresak egin ditu, eta proiektuak 2.861.454,95 euroko aurrekontua izan du guztira. 

Portua auzoa berritzeko proiektuak luze jo du. Eta dagoeneko ohituta gaudenez, gutxi batzuk besterik ez dira gogoratuko lehen nolakoa zen. Izan ere, 2010ean Almirante Alonso kalea berritu ondotik, 2011 urtean II. fasea hasi zen Matxin de Arzu eta Bernat Etxepare kaleetan. Ondoren, 2012 Zuloaga kalea berritu zen, espaloiak eta errepidea kota berean ezarriz, eta San Pedro kaleko 17. zenbakitik 79.era 2013-2014 urteetan egokitu zuten. Bosgarren fasea 2016an egin zen, San Pedro (1-15) kalean. Eta Santiago kalearen lehen zatia (23-89 zenbakien artean) eta Madalen karrika 2017-2018 urteetan. Santiago kalea amaitu eta gero, azken faseak Arrantzale auzoan eraman dituzte aurrera. Eta gaur lan horiek amaitutzat eman ditu Hondarribiko Udalak. 

Obra honen helburua oinezkoen erosotasuna eta segurtasuna indartzea eta espazio publikoa modernizatzea izan dela oroitarazi du udalak, zaharkituak zeuden azpiegiturak eguneratuz. Alde horretatik, azken 16 urteetan Portua auzoan aurrera eraman den hirigintza ereduarekin bat eginez, kale-antolamendua egokitu da, zoladura berritu eta zerbitzu-sareak berritzeko aprobetxatu dute. 

Igor Enparan Araneta alkateak hobekuntza hauek bizilagunen egunerokoan izango duen eragina nabarmendu du. «Arrantzale auzoa gure hiriko gune esanguratsuenetako bat da, eta esku-hartze honen bidez aurrerapauso nabarmena eman dugu irisgarritasunean, segurtasunean eta, batez ere, bertako bizilagunen bizi-kalitatean», azpimarratu du. Emaitzarekin gustura dago udala, eta proiektua auzotarrekin elkarlanean landu izan dela gogoratu du alkateak. Haien iritziak entzun eta eguneroko beharrak kontuan hartu baitira. «Udal gobernu honek hasieratik argi izan du auzotarrak direla auzoa hobekien ezagutzen dutenak. Horregatik, haien ekarpenak funtsezkoak izan dira», dio Enparanek, obrak hasi aurretik, plazan informazio-puntu bat jarri zela gogoratuz.

Era berean, hainbat bilera egin dituztela nabarmendu du, auzoko merkatariekin eta ostalaritzako establezimenduekin, obren plangintza azaltzeko eta jarduera ekonomikoan ahalik eta eragin txikiena izateko neurriak adosteko.

Hurrengo obra Pasaia kalea

Udalak iragarri duenez, Arrantzale auzoko lanak amaituta, Pasaia kalea berrurbanizatzeko lanak abiatuko dira datozen asteetan. Lanak Urbycolan enpresak egingo ditu ere, oraingo honetan 1.948.719 euroko aurrekontuarekin. «Pasaia kalea eguneroko joan-etorri garrantzitsuenetako baten parte da, bertatik igarotzen baitira eskolara doazen haurrak eta kiroldegira doazen herritarrak», azaldu du alkateak. Baina 60. hamarkadako hirigintza parametroetan egina izan zen, eta agerikoak diren hobekuntzak behar ditu.

Proiektuaren lehentasuna segurtasuna eta irisgarritasuna hobetzea izango dela aditzera eman du Hondarribiko Udalak. Zehazki, espaloiak zabalduko dira, oinezkoentzako pasabideak berrantolatuko dira eta ingurunea seguruagoa eta erosoagoa bilakatuko da. Horrez gain, saneamendu-sarea ere berrituko da material modernoagoekin.