Adinekoen iruzur eta lapurretak prebenitzeko hitzaldia emango dute Kasino Zaharrean

Antxeta Irratia 2026ko martxoaren 20a

Martxoaren 24an (17:00etan) Kasino Zaharrean emango dute udaltzain eta ertzainen eskutik. Adineko herritarren eskaerari erantzunez, Hondarribiko Udaltzaingoak adinekoek pairatu ohi dituzten iruzur eta lapurreta metodo nagusiei buruzko prebentzio neurriak azaltzeko hitzaldia antolatu dute, baita horiek saihesteko jarraibide praktikoak ere. 

Martxoaren 24an, “Adinekoei iruzur egitea: prebentzio-jarraibideak” hitzaldia eskainiko dute Kasino Zaharrean 17:00etan. Iñaki Vielba Udaltzain buruak azaldu duenez, adineko herritarrek berek helarazitako eskaera baten ondorioz sortu da ekimen hau. «Kolektibo horrek egindako eskaera bati erantzunez antolatu dugu saio hau, beren egunerokotasunean babestuago eta seguruago sentitzeko tresna erabilgarriak eskaintzeko asmoz», azaldu du. 

Izan ere, azken urteetan adinekoei iruzur kasuak, eta lapurreta metodo ezberdinak ugaritzen ari dira. Hondarribian bertan, Ertzaintzak 43 urteko emakumezko bat eta 39 urteko gizonezko bat atxilotu zituen 2024ko urriaren 15ean, “besarkada solidarioa” delako lapurreta egitea egotzita. Eta orduan ere, aspaldi honetan hedatu den delitu teknika honen biktima izatea saihesteko hainbat gomendio plazaratu zituen Hondarribiko Udaltzaingoak, batez ere bakarrik dauden adineko pertsonei zuzenduta.

Oraingo honetan, Ertzaintzarekin elkarlanean adinekoei gehien eragiten dieten iruzur eta lapurreta motak azalduko dituzte, baita horiek saihesteko jarraibide praktikoak ere. Besteak beste, ohartaraziko da hainbatetan ezezagunek gertutasuna edo adeitasuna erabiltzen dutela biktimen konfiantza irabazteko. «Batzuetan, besarkadak edo esku-estutzeak bezalako keinuekin hurbiltzen dira, eta une horretan, oharkabean, objektu baliotsuak lapurtzen saiatzen dira», zehaztu du Vielbak.

Alde horretatik, Udaltzaingoak prebentzioaren garrantzia nabarmendu du, bereziki kolektibo zaurgarrienen artean. Hondarribiko halako delituen datuak onak badira ere, ezinbestekoa baita erne egotea eta prebentzio-neurriak hartzea. Hala nola, balio handiko objektuak agerian ez eramatea; bitxiak, erlojuak edo arreta erakar dezaketen bestelako objektuak ahalik eta modu diskretuenean eramatea; ezezagun adeitsuekin erne egotea, edota beharrezkoa ez den kontaktu fisikoa ekiditea. edota jokabide susmagarriak jakinaraztea. Era berean, lapurreta-saiakera edo jokabide arraroren bat sumatuz gero, Udaltzaingoari jakinaraztea eskatzen dute, 943 111 313 telefonora edo 112 larrialdi-zenbakira deituta.

Bestalde, finantza-iruzurrek eta ziber-iruzurrek gero eta gehiago eragiten diete arrakala digitalaren eta aurrezkien ondorioz ahulak diren adinekoei ere. Telefono bidezko iruzurrak, phishing-a, inbertsio faltsuak edo konfiantza-abusuak ohikoak dira. Alarma-seinaleak ezagutzea eta prebentzio-neurriak aplikatzea funtsezkoa dela deritzo poliziak, ondarea babesteko eta erretiro segurua bermatzeko.