EAJ-PNV udal taldeak aditzera eman duenez, hondarribiarrek nortasun agiria edota pasaporte berria egin edo eguneratzeko Irunera jo behar ez izateko zerbitzua antolatzeko eskaera erregistratu du Hondarribiko Udalean. Maria Serrano zinegotzi jeltzaleak argitu duenez, «bereziki adinekoentzat edo mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat, eta kontziliazio zailtasunak dituztenentzat» lagungarria izan daitekeen izapide horiek egiteko zerbitzu ibiltaria Hondarribian ere jartzeko eskatzen dute.
Jeltzaleen ustez, «neurri erraza eta eraginkorra da», eta herritarren egunerokoan hobekuntza nabarmena ekarriko luke. Diotenez, beste udalerri batzuetan martxan dagoen Espainiako Poliziak eskaintzen duen zerbitzu bat da honakoa. VIDOC (Vehículo Integral de Documentación) delako poliziaren unitate mugikorrak NAN eta pasaporteak izapidetzeko egokituak daude, eta herri txiki edo aldenduei zerbitzu eman ohi die estatu mailan. Joan den udazkenaz geroztik, aldiz, Bizkaian eta Araban hainbat udalerritan martxan jarri dute, hala eskatu dutenen kasuan; Zornotza, Amurrio, Laguardia, Nanclares de la Oca besteak beste. Espainiako Barne Ministerioak zerbitzu hau Gipuzkoan ere eskaintzea aurreikusia du, baina zerbitzua udalerriei eskaini aurretik, EAJk Hondarribian martxan jar dezatela nahiko luke. «Administrazioa herritarrengana gerturatzeko zentzu kontu bat da», dio Serranok.
Alde horretatik, aurten Hondarribiko Udaltzaingoak Ertzaintzarekin aurrera eramandako elkarlanari esker, udalak adin txikikoek atzerrira bidaiatzeko izapidetu beharreko agiria Hondarribiko Udaltzaingoan eskuratu ahal izatea lortu da, Irungo ertzain-etxera joan behar izan gabe. EAJren arabera, administrazioen arteko elkarlanari esker, herritarrei bizitza errazteko beste urrats bat izango litzateke orain, NAN eta pasaportea ere, herritik atera gabe berritu ahal izatea. «Beste udalerri batzuetan martxan dagoen zerbitzu bat bada, Hondarribian ere egon behar du», diote.
Helburu horrekin, Espainiako Gobernuaren Gipuzkoako Ordezkaritzari NAN eta pasaportearen izapide eta berritze zerbitzu ibiltaria herrian bertan ezartzea eskatu dezan, galdegin diote udal gobernuari. Zentzu horretan, jeltzaleek egiten duten proposamenaren helburua, zerbitzu hau eskaini ahal izateko Hondarribiko Udalak beharrezko kudeaketak egin ditzala dela nabarmendu dute.