Alardeagatik piztutako polemika eta 30 urteko oztopoak gainditu nahi ditu udal gobernuak Berdintasun Plan berria onartuz

Koldo Nausia 2026ko martxoaren 26a

Gaurko Udal Osoko Bilkuran onartzera eramango duten Hondarribiko Berdintasun Plan berriak aurreikusten dituen 124 ekintzetatik Alardeari lotutako 2 puntuek polemika piztu dute herrian. Alardearen afera planean txertatzera behartuta daudela aditzera eman du udal gobernuak. Eta Igor Enparan alkateak partaidetza prozesuan «eragileei betorik edo diskriminazio politikorik» eman denik ukatu du, eta gogoratu du emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna ez dela aukera politiko bat. «Udala ezin da neutral izan, ezberdintasunak dauden heinean administrazio publikoek ezin dute aukeratu esku-hartu ala ez, Hondarribiak ezin ditu begiak itxi», azaldu du. 

Hondarribiko II. Udal Berdintasun Plana eztabaidatu eta onartzera eramango dute gaur (18:00) martxoko Ohiko Udal Osoko Bilkuran. Udal gobernuak (Abotsanitz-EH Bildu) gehiengoa badu ere, «berdintasun printzipioekin konpromisoz eta arduraz jokatu dezatela» eskatu die Igor Enparan Araneta alkateak gainerako udal talde politikoei. Izan ere, ahalik eta adostasun mailarik handiena lortzea garrantzitsua da. Alkateak aditzera eman duenez, berdintasuna diskurtso huts bat izan ez dadin, errealitate bat baizik «Hondarribiak ezin ditu begiak itxi».

Berdintasun politikak ez dira behar bezain sakon landu Hondarribian urte luzeetan, eta aurrera egiteko, hori aitortzea ezinbestekoa da Enparanen arabera. Baina Berdintasun Plana osatzeko 2024an abiatutako diagnostikoarekin ez bezala, Ekintza Plana lantzerakoan Alardearen gaia mahaigaineratu zenean, «polemika piztu zen berriz, eta 2026 urtea gauden honetan berdintasun politikak garatzeko zailtasunak ditugu», azaldu du. Bidenabar, plana 2025 urterako onartu nahi zuten, baina atzeratu egin dute. Partaidetza prozesuan parte hartzeko aukera izan ez zutela salatu zuelako Hondarribiko Emakumeak taldeak, eta bestetik, planak aurreikusten dituen 124 ekintzetatik, Alardeari lotutakoak diren 2 ekintzak txostenetik kentzeko eskatu zutelako aurkeztutako alegazioetan.

Enparanek argitu duenez, «eskatu zuten txosten juridikoa enkargatu eta txertatu da dokumentuan, eta Alardeari buruzko bi puntu horiek mantentzea erabaki dugu, Emakundera bidali eta honek berretsi eta gero, dokumentu hori da udalbatzan onartzera eramango duguna». Hain justu, desadostasun horiek direla eta, gaurko osoko bilkuran, Hondarribiko Emakumeak taldeak hitza eskatuko du. «Udalbatza bukaeran eragile sozial guztiei ematen zaie aukera, eta hitza emango zaie», argitu du alkateak, desadostasunak legitimoak izan daitezkeela onartuz, «edukiaren aldetik, baina inolaz ere ezin da partaidetzari buruzko arazo gisa aurkeztu». 

Izan ere, alkateak argi utzi nahi izan du udal egitura eta herriko eragile ugarik hartu dutela parte prozesuan. «Ez da bazterketarik egon, betorik edo diskriminazio politikorik, parte-hartzeko metodoak ez dira uniformeak, baina parte-hartzeak ez du esan nahi espazio guztietan egon behar denik», argitu du. Hala ere, planaren indargune nagusia horixe da alkatearen ustez, «ez dela kanpotik etorritako dokumentu bat, partaidetzari esker herriko errealitateari eta beharrei erantzuteko egina dagoela».

Berdintasun Plana eta legearen betekizuna

Alde horretatik, «emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna ez da aukera politiko bat» azpimarratu du alkateak. Legeek administrazio publikoak eta ordezkari politikoak behartzen dituztela gogoratu du, eta beraz, ezin dutela aukeratu esku-hartu ala ez. «Desberdintasunak dauden heinean jardutera behartuta gaude, eta udala ezin da neutral mantendu, eta ez jardutea ere, jarduteko modu bat da, desberdintasunak mantentzea dakarrelako», azaldu du Enparanek.

Estitxu Urtizberea (Abotsanitz) eta Garoa Lekuona (EH Bildu) gobernukideek ere gogoratu dute, administrazioa ausarta behar duela izan, «udalak legea bete behar duelako, eta gizarte ohiturak ezin direlako estatikoak mantendu, eskubideen defentsa eta legearen betekizunen aurrean». Hau da, Alardearen afera Berdintasun Planean txertatzera behartuta daudela aditzera eman du Urtizbereak. «Diagnostikoan jasotzen da herri honetan hiru hamarkadatan ezin izan direla berdintasun politikak aurrera eraman Alardeak eztabaida guztia kopatzen zuelako, baina gaur egun oraindik ere, badu gaitasun hori, eta Alardea bere espazio propioan lantzeko udalak baliabideak jarri ditu». Baina Emakundek planak hau jasotzera behartzen duela gogoratu du, «ezin delako ukatu Alardearen gatazkan berdintasun arazo bat dagoela». 

Hartara, 124 ekintza aurreikusten dituen planak 2 besterik ez ditu Alardea aintzat hartzen. Urtizbereak azaldu duenez, hauek dira zalaparta sortu duten bi puntuak: «Alardearen gatazkaren konponbidearekin jarraitu berdintasunari lotutako gatazka moduan» batetik, eta bestetik, «Hondarribiko Udalak Alarde parekidearen aldekoek emakumeen eskubideen defentsan pairatutako indarkeria aitortzeko moduak pentsatu behar dituela». Udal ordezkariak oroitarazi du Emakundek honakoa berretsi egin duela, eta udala hau betetzera behartuta dagoela. «Beraz, ez da erabaki diskrezional bat edo iritzi partikular bat, erakunde publiko baten oniritzia jaso duen dokumentua baizik», nabarmendu du Urtizbereak.

Izan ere, Emakunderen irizpideen arabera, Alarde jaiaren inguruan berdintasun ikuspegitik herrian azaltzen diren erronkak, gatazka iturriak eta partaidetza desorekak jaso behar ditu planak, baita Hondarribiko Udalak arlo horretan eman ditzakeen erantzun publiko eta esku-hartze instituzionalak ere.

Plan errealista eta integrala

Alde horretatik, udal gobernua «norabide argi, koherente eta iraunkor batekin lanean» ari dela azpimarratu du Garoa Lekuona hautetsiak, «oinarri legalarekin zorrotz jokatuz». Eta horretarako, 2023-2026 urtaldirako Berdintasun Plana «ikuspegi integrala duen plana» dela argitu du Igor Enparan alkateak, «udal politika guztiak zeharkatuko dituena». Era berean, emaitzak ebaluatzeko aukera emateko baliabideak izango ditu. Berdintasun teknikaria, talde eragile politiko-teknikoa, gizarte eragileei irekitako Berdintasun Mahaia, eta Kudeaketa Batzorde bat ere badu. Eta horrek ekintzen gauzatze maila, urteroko ebaluazioa, eta azkenik, sortutako inpaktuari buruzko balorazioa egitea ahalbidetuko duela azaldu du. Hau da, «planaren garapena eta emaitzak modu objektiboan neurtzeko helburuarekin, plan errealista» dela dio alkateak.

Oroitarazi beharra dago planak Alardeaz harago, orotara 124 ekintza aurreikusten dituela, lau ardatzetan oinarrituta. Gobernu ona: berdintasuna zeharkako printzipio gisa txertatzea udal politika guztietan, berdintasun politikak indartzeko, eta genero arrakalak apurtzeko neurriak sustatzeko. Emakumeen ahalduntzea: herriko arlo guztietan parte-hartzea sustatuz eta emakumeen eskubideak bermatuz. Gizarte antolaketari begirakoa: bereziki zaintzaren ikuspegitik herri mailako lanketa egiteko. Eta azkenik, indarkeria matxistarik gabeko gizartea lortzeko, prebentzioa, formakuntza eta erakundeen arteko elkarlana bilatzea.