Martxoaren 28an ospatuko dute San Telmo inguruetan Hondarribiko 31. Zuhaitz Eguna. Iazko urteurrenarekin, orain arte landatutako 4.042 zuhaitzen inbentarioa egin zuten, baita begirada bakar batean informazio guztia herritarren eskura jarri ere. Informazio guztia digitalizatuta, urtez urte eta eremuka eskaintzen dute bertan. Jaioberrien izenean mendia basoberritzeko helburuarekin sortutako ekimenak sinbolikotik badu, baina kolektibitateari balioa eman nahi dio udalak, basoak sortu eta ekosistemak berreskuratzeko balio izan duelako.
Hartara, larunbat honetan orain arte landatutako 4.042 zuhaitzei 83 gehiago batuko zaizkio. Udalak aditzera eman duenez, goizeko 11:00etatik aurrera, 2025ean jaiotako haurrek zuhaitzak landatuko dituzte euren senideen laguntzaz, ohitura eder honi jarraipena emanez. Aurreko urteetan bezala, aukeratutako espeziea ametza izango da, tokiko ingurunearekin eta biodibertsitatearekin bat datorren aukera. Izan ere, azken urteetan Jaizkibel mendian itsas-pinua ametzen landaketekin ordezkatzeko lanetan ari dira Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin.
Landaketa egin ondoren, 12:00etan, 2019an jaiotako haurren txanda izango da. Landa Garapeneko zinegotzi "Artzu"ko Gregorio Berrotaranek 1995ean Zuhaitz Eguna Hondarribian martxan jarri zuenean, urtero mendian ibiltzeko makilak eskuz egiteko lana hartu baitzuen. Eta hau ohitura bilakatuta, makila eta xenda-bideen liburu bana jasotzen dute urtero zazpi urte bete dituzten herriko haurrek.
Basotxoak sortuz, kolektibitatearen balioa
Garoa Lekuona Ingurumen zinegotziak azpimarratu du Zuhaitz Eguna ez dela ekintza indibiduala. «Garrantzitsuena ez da zuhaitz bakarra, baizik eta kinto edo adinkideek osatzen duten basotxoa, komunitatea bera. Kolektibitate horri ematen diogu benetako garrantzia, elkarlanean hazten den zerbait delako», dio EH Bilduko ordezkariak. Era berean, Lekuonak nabarmendu du ekimen honek ingurumenarekiko errespetua txikitatik sustatzeko aukera ematen duela.
Alde horretatik, 1995etik 2013 urtera bitartean, landaketak lerrokatuta eta jaioberrien izen-abizena zeramatzaten karteltxoekin egin izan ziren, haur eta familiek zuhaitzaren jarraipena egin zezaten errazteko. Aldiz, Zuhaitz Egunak izan duen garapena azpimarratu du zinegotziak. 2013tik aurrera landaketa modua ere aldatzen joan zelako, Gipuzkoako Foru Aldundiaren irizpideei jarraituz, «landatzeko modua naturalizatzen joan da, bertako espezieekin osatutako basoak lortzeko, eta kolektibitatearen izaera indartuz joan da», dio Lekuonak.
Guadalupen hasi ziren lehenbiziko landaketak, gotorlekuaren atzealde osoa bete zuten arte. Ondoren Larrezuri inguruan jarraitu zuten, eta segidan Artzutik Portomokorako bidean. Azken urteetan, aldiz, Higer itsasargiaren aldera jo dute, eta 2019tik San Telmo inguruko eremu berean egin dira landaketak.