Hondarribiko II. Berdintasun Planak aurreikusten dituen 124 ekintzetatik 2k Alardea kontuan hartzen dute. Honek zalaparta ekarri du azken hilabeteetan herrian. Sakoneko mugimendu tektonikoak. Izan ere, 2024an abiatuta, hasierako diagnostikoan ez bezala, udalak proposatutako partaidetza prozesutik eratorritako dokumentuak, ustez sendatzen zihoan Alardeak eragindako zauriaren gainean piko egin du.
Plana osaketan ekarpenak biltzeko sortu zen Berdintasun Mahaiaren izaera irekia zalantzan jarri da. Emakume eta eragile feministek osatzen dute, eta batzorde horrek erabakitzeko ahalmenik ez badu ere, zinegotziek eta teknikariek baizik, bertan parte-hartzeko aukera ukatu egin zaiola salatu du Hondarribiko Emakumeak elkarteak.
Berdintasun Sailetik ezarritako baldintzak batzuk izanik, egiari zor, Berdintasun Mahaiak hamar puntuko dekalogo bat sinatu zuen 2025eko apirilaren 19an, eta edozein partaidek onartu beharreko puntuak izanik, taldearen funtzionamendua, parte hartzea eta landu beharreko edukiak jorratzen dituzten puntuak zehazten ditu. Besteak beste, partaideak Berdintasun Legea Hondarribian ezartzeko aldekoak direla, era guztietako indarkeria matxistak identifikatzeko, jendaurrean salatzeko eta biktimak babesteko egitasmoak bultzatuko dituztela, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunak eta bereizkeriak ezabatzeko egitasmoak sustatuko dituztela, eta Hondarribiko Alardea parekidea izatearen alde egingo dutela adostu zuten.
Hondarribiko Emakumeak elkarteak ez du printzipio hauekin bat egiten. Baina alegazio bidez egin ahal izan ditu planari bere ekarpenak. Haatik, elkarteko bozeramaileak udal osoko bilkuraren amaieran egindako hitzartzean salatu du, udal gobernuak ez dituela gainerako elkarte feministak bezala kontuan hartu,
Hondarribiko Emakumeak elkartearen hitzartzea
Alarde baztertzailearen aldekoa den Hondarribiko Emakumeak 2023an eratu zen elkarte gisa, eta «ikuspegi ezberdinak dituzten 529 bazkidek osatzen duten talde heterogeneoa» dela aldarrikatzearekin batera, Igor Enparan alkateak asteazkenean egindako agerraldian ukatu zuen betoa jasan dutela salatu dute udalbatzan. Abotsanitz eta EH Bilduk «herriko emakumeak banatzea lortu» dutela, eta «berdintasunaren aitzakiapean, Hondarribian diskriminazioa balizkoa dela erakutsi, eta herriko emakumeak banatu» dituztelakoan dago elkartea.
Alde horretatik, Hondarribiak Berdintasun Plan bat behar duenik ez dute ukatzen, baina hau osatzeko prozedurarekin ez datoz bat. Eta dokumentuak jasotzen dituen Alardeari buruzko bi ekintzak alegazioetan ezabatzea eskatu zuten heinean, elkarteak ez du uste, udalak emakumeen eskubideen defentsan alarde parekidearen aldekoek indarkeria jasan dutenik aitortu beharra duenik. Are gehiago, hau ukatu egin zuten hitzartzean, sententzia ofizial bakarra Jaizkibel konpainiako kide batek egindako eraso bat dela argudiatuz. Hartara, «ikuspegi politiko zehatz batean oinarrituta 30 urteotako errelatoa berridaztea» leporatu diote udal gobernuari.
Eztabaida politikoa eta emozionala
Baina berdintasuna edota feminismoa bezalako terminoen ulermen subjektiboetatik harago, udal talde politikoen artean ere, agerikoa izan zen atzokoan, Alardeak okupatzen duela oraindik ere, berdintasun politiken garapena oztopatu duen eztabaidaren espazio osoa.
PSE-EEko Iosu Alvarezek udal gobernuaren jokamoldea argudiatu zuen ezezko bozka defendatzeko. «Ez da egun on bat politika onarentzat», aditzera eman zuen goibel ordezkari sozialistak, Hondarribiko Emakumeak elkartearen ekarpenak ez aintzat hartu izana gogor salatuz, «alderdi sozialistatik argi salatu nahi dugu Berdintasun Planean herriko emakumeen parte garrantzitsu baten iritzia diskriminatu egin dela haien ideologiagatik».
EAJ-PNVk ere «ezezkoa bozkatzera behartuta» zegoela nabarmendu zuen Maria Serrano zinegotziak. Bere alderdiak berdintasunaren alde duen konpromisoa azpimarratu zuen, eta «Berdintasun Planaren edukiaren gehiengo batekin ados» daudela argitu zuen. Baina diagnostikotik abiatuta, eta «udal gobernuak iritzi guztiak integratu nahi izan ote dituen ez dugu hain garbi» salatu zuen. Alde horretatik, «feminismoa ez da bat eta bakarra, eta berdintasuna ezin da inposatu, eraiki baizik» Serranoren arabera.
Hala ere, prozedurari buruz baino, planaren edukian hartutako Alardeari buruzko bi puntuak txertatzeko erabakia ere ezbaian jarri du ordezkari jeltzaleak. Izan ere, udal gobernuak Berdintasun Legea betearazteko beharra eta Emakundek dokumentuari emandako oniritziari buruzko argudioak ez ditu Maria Serranok onartzen. «Emakundek aholkatu egiten du, baina emandako irizpideen aurrean udalak hautatzeko autonomia du», eta beraz, erabaki politikoa izan dela leporatu dio gobernu taldeari.
Zentzu horretan, joan den asteazkenean Igor Enparan alkateak egindako agerraldian azaldutako prozedura nola eraman den xehetasunez gogoratu zuen udalbatzan. Baita ondoren plana garatzeko ere, Berdintasun teknikaria, Berdintasun Mahaia, Mahai Politiko-teknikoa, eta urtero gauzatutako ekintzak ebaluatzeko Kudeaketa Batzordea osatuko dutela gogoratu ere. Alkateak, argi hitz egin du aste honetan, planaren irakurketa politikoa egiterakoan, «emakumeen eta gizonezkoen arteko berdintasuna ez dela aukera politiko bat, eta Hondarribiko Udala ezin dela gehiago neutral izan» azpimarratuz.
Atzokoan, aldiz, Garoa Lekuona, EH Bilduren bozeramaileak hartu zuen hitza. Batetik, Berdintasun teknikari batekin osatutako aurreneko plana dela gogoratzeko, «2026 urtean gauden honetan, Hondarribia, inguruko beste herri askorekin konparatuta, atzeratuta dago udal politiketan eta gobernu hau Hondarribia XXI. mendera ekartzeko lanean ari da». Bestetik, ezezkoa bozkatu eta II. Berdintasun Planarekin kritikoak direnei, zerren aurka egin duten argitu nahi izan zien udalbatzan: «jabekuntza eskola sortu; zaintzarako espazio egokiak sortu; Berdintasun Mahaia sortu; udal sailen arteko koordinazio egiturak sortu; datuak genero ikuspegiarekin aztertzeko tresnak sortu; kirol kluben artean emakumea eta kirola lantzeko egitura sortu; liburutegian emakumeen atal propioa sortu, emakume zaintzaileen sareak sortu…» zerrendatu zuen Lekuonak, udalak asko egiteko duela aditzera emanez. Era berean, indarkeria kasuetako udal barneko protokoloa adostea, tokiko erakundeen arteko protokoloa adostea, edota udal langileen sexu jazarpenerako protokoloa egitea ere planaren 124 ekintzen artean dagoela argitu zuen.
Nolanahi ere, 30 urtez berdintasun politiketan Hondarribiak pilatu duen atzerapena, Alardearen gatazkari lotuta dagoenik ezin da ukatu. Estitxu Urtizberea alkateorde eta Abotsanitzeko ordezkariak azaldu duenez, diagnostikoan jasotzen baita «herri honetan hiru hamarkadatan ezin izan direla berdintasun politikak aurrera eraman Alardeak eztabaida guztia kopatzen zuelako, eta gaur egun oraindik ere, badu gaitasun hori».
Alde horretatik, Garoa Lekuonak, horren atzean dauden arrazoiak, lerro gorri politikoetatik harago doazela uste du. EH Bilduko ordezkariak udalbatzan «irakurketa politiko eta emozionala» eginez azaldu zituen, herriak Alardearen auzia dela eta bizi duen haustura politiko eta sozialaren nondik norakoak. Ezezkoa bozkatu duten EAJ eta PSE-EE oposizioko udal taldeei berdintasunari salbuespenak jartzea, eta Alardearen auzia berdintasun arazoa ez dela esatearekin, haien burua zuritzen ari direla leporatu zien Lekuonak. Baina bere ustez, «atzean benetan dagoena, ezintasun emozional bat da».
Gogoratu zuenez, «gutxi izan ziren hasieratik berdintasunari salbuespenik jarri ez zioten emakume eta gizonak, baina 30 urte hauetan berdintasunaren espaloira aldatu diren pertsonak gero eta gehiago izan dira». Baina iritziz eta norbere jokaerak aldatzeko ausardia izan duten herritar asko daudela aitortuta ere, «badaude batzuk ezingo dutena iritziz aldatu, ezin dutelako beren burua ispilu baten aurreran jarri eta beren jarreren ardura beren bizitzako motxilan eraman, ausardia faltagatik», argitu du EH Bilduko ordezkariak, «eta nahi duzuen aitzakia asmatuko duzue zuen buruak, zuen jarrerak zuritzeko, baina honen atzean ausardia falta dago, gogorra delako 30 urtetako jarrerak egokiak ez direla onartzea eta berdintasunaren espaloira aldatzea». Hala ere, inoiz ez dela berandu iritziz aldatzeko gogoratu zuen Garoa Lekuonak, eta EH Bilduk «salbuespenik gabe» emakumeen eskubideak gizonezkoen pareko izan daitezen lanean jarraituko duela aldarrikatu zuen.