Martxoko udalbatzan Hondarribiko II. Udal Berdintasun Plana onartu zuten. Eta 2024an prozesua abiatu zenetik eztabaida antzua ekarri du. Izan ere, aurretik eta plana onartzeko udalbatzan bertan emandako eztabaidak ez du aldekoen eta kontrakoen, ez jarrerak, ezta diskurtsoak eraldatu.
Erabakiak agintari politikoek hartu dituzten bitartean, aholkularitza eta planaren lanketa egiteko Berdintasun Mahaia osatu zenetik sortu zen akordio eza. Eta Hondarribiko Emakumeak elkartearen partetik udalak jasotako kritika zorrotzak ez du etenik izan, foro horretan parte hartzeko aukera ukatu zaiolakoan. Hala eta guztiz ere, Berdintasun Plana onartu egin zen joan den martxoan, baita EAJ eta PSEren kontrako bozkarekin onartu ere.
Izan ere, udalbatzan bertan Hondarribiko Emakumeak elkarteak hitza hartu zuen, eta prozesuan parte-hartzea ukatu egin zaiola salatu zuen bitartean, PSEk «diskriminazio ideologikoa» leporatu zion udal gobernuari. EAJk, aldiz, «berdintasuna ezin dela inposatu» argudiatu zuen, bere ezezkoa justifikatzeko.
Bien bitartean, apirilaren 1ean, Hondarribiko Berdintasun Mahaiko hainbat kidek poza erakutsi zuten Berdintasun Planarekin, eta oposizioaren jarrera gaitzetsi zuten plazaratutako ohar baten bidez. Juana Mugarrieta, Jaizkibel, Emeki, Pentsagune Feminista, Marlaxka Xake Elkartea eta Hondarribiko Bilgune Feministak hedabideei igorritako gutun irekia “Ongi etorri berdintasun plan berriari” izenekoan, argi utzi dute, iritzien gainetik, eskubideak bermatzeko eskatzen dutela, besterik ez.
Amaia Andrieu, Bilgune Feministako Hondarribiko kidea da, eta Berdintasun Mahaian parte hartzen du. Lan isila egin dutela dio, baina haien iritzia publikoki ere partekatzeko gogoa zuela. «Aspalditik ari gara kontrako iritziak jasotzen, eta guk eskatzen dugun bakarra da Berdintasun Legea Hondarribian martxan jar dadila espazio eta eremu guztietan», dio Amaia Andrieuk. Alde horretatik, 2025eko udaberrian Berdintasun Mahaia osatu zutenean adostu zuten dekalogoan argi izan zuten, printzipioetan partaideek ezinbestekoa zutela Berdintasun Legearen oinarriak errespetatu behar zituztela. Hartara, «Berdintasun teknikariak esan zigun harrituta, ea beharrezkoa ikusten genuen puntu hori sartzea, eta bai, logikoa denez, Berdintasun Legea jarraituz, eta 48. artikuluan diona zen abiapuntua», azaltzen du. Beraz, dekalogo horretan jasotzen da, Berdintasun Mahaia Alarde Parekidearen alde dagoela, eta hortik sortu zen kalapita bere ustez.
Gogoan hartu behar da, gerora udalbatzak onartu duen Berdintasun Planak 124 ekintza aurreikusten dituela, eta horietariko bik bakarrik egiten diotela erreferentzia Alardeari. Nolanahi ere, plana udalbatzan onartuta, arau bilakatu da herrian, udalak garatu beharrekoa. Hala eta guztiz ere, oraindik ere oinarrizko eskubideak zalantzan jartzen dituzten hondarribiarrak daudela agerikoa da.
Amaia Andrieuk dioenez, «herriaren sektore bat kontra dago, baina nik esango nuke alderdi politikoek bultzatutako posizio politiko batetik ari direla planteatzen kritika horiek». Bilgune Feministako kidearen ustez, 1996an emakume batzuk beraien eskubideak praktikan jartzeagatik jazarpena jasan zuten, eta «hori hor dago oraindik, indarkeria fisikoa eta sinbolikoa». Plastiko beltzen garaiak atzean geratu badira ere, «hor diraute indarkeria matxistaren espresio horiek». Dena den, Alardearen auziaren oinarrian dagoena argi dauka Andrieuk. «Hemen pribilegioen eta eskubideen arteko talka bat dago, eta jendartearen sektore batek ikusten duenean bere pribilegioak kolokan daudela, gotortu egiten da, orduan sortzen da iskanbila».
Nolanahi ere, Hondarribiak egungo gizartearen beharrei erantzuteko eguneratutako Berdintasun Plana duelako kontent azaltzen da Bilgune Feministako kidea. Eta Berdintasun Mahaiko partaide den heinean, foro hori «espazio autonomo, feminista eta demokratikoa» dela gogoratzen du. Gainera, partaideentzat «informazio, eztabaida, azterketa, aholku eta proposamen gune» bat dela ere gaineratzen du, eta azpimarratzen duenez, haien lana ez da bukatu. Izan ere, Berdintasun Plana abiapuntua besterik ez da. Eta ekarpenak egitaz gain, planak aurreikusten dituen 124 ekintzak betetzen direla gainbegiratzea ere badagokio Berdintasun Mahaiari.