Maddalen Arte Sorkuntzarako gunea, tokiko sortzaileen lana sustatzeko aurrerapauso bat bada ere, ez da aski EAJ-PNV udal taldearen arabera. Tokiko artista eta sortzaileei emandako babesa berretsi dute jeltzaleek, euren lana ezagutarazteko espazio egokiak izatearen garrantzia azpimarratuz. Baina joan den urtean ateak zabaldu zituen 40 metro koadroko espazioak ez ditu kulturarako sarbidea herritar guztien eskura baldintzak bermatzen. Hala pentsatzen du Maria Serrano zinegotzi jeltzaleak, kezka agertu du gaur egun erakusketetarako erabiltzen den espazioaren hautaketagatik, «ez duelako oinarrizko irisgarritasun baldintzak betetzen».
Alde horretatik, EAJ-PNVk positibotzat jotzen du tokiko sorkuntza sustatzen duten ekimen kulturalak udaletik bultzatzea. Eta Maddalen gunea edota Polborina dira azken urtebetean herriak irabazi dituen kulturguneak. Baina «aukeratutako espazioak muga handiak ditu, eskaileren erdian dago, eta horrek zaildu edo ezinezko egiten du mugikortasun murriztua duten pertsonen sarbidea», dio Serranok.
Udal taldeak gogorarazi du, duela urtebete baino gehiago egindako lehen kritiketan, irtenbidea behin-behinekoa zela adierazi zitzaiela. «Baina espazioak urte osorako plangintza eta programazio egonkorra du, eta horrek erakusten du ez dela horrela», salatzen dute jeltzaleek.
Oroitarazi behar baita, lehenbiziko urtean Judas Arrieta artistak komisariatutako Maddalen guneak, Hondarribia Sormen Hiria bekadun izandako artisten sorkuntza-tailer eta erakusketa indibidual zein kolektibo zenbaitzuk jaso ondoren, programazio artistiko berria aurkeztu zuela joan den otsailean, Sandra Cuesta Aizkorbe komisario berriak. ARIRA proiektu artistiko berriaren 2026ko lehen proposamena, aldiz, Kultur Etxeko gordailuan ikusi ahal izan da martxoaren 29ra arte, Eugenio Ortiz Miguelen RABELAIS KANTA erakusketarekin. Cuestak iragarri zuenez, Maddalen guneaz gain, Kultur Etxea edota Alde Zaharrean kale-antzerkiek osatuko dute programa. Hala ere, apirilean Maddalen Arte Gunera itzuliko da egitaraua, Maider Goikoetxearekin, eta Sagusar taldearen kontzertuarekin borobilduko dute.
Nolanahi ere, Maddalen Arte Garaiderako Gunea baino irisgarritasun baldintza egokiagoak dituzten beste espazio batzuk badaude herrian EAJren arabera, «ekimen mota hauen kokapena berriz aztertzea beharrezkoa da». Era berean, jeltzaleek adierazi dute, espazio bat alokatzearen aldeko apustua egiten bada, ezinbestekoa dela oinarrizko baldintzak betetzea. Hori guztia dela eta, Udal Gobernuari eskatzen diote erabakia berriz azter dezala eta herritar guztientzat irisgarria, irekia eta egokia izango den erakusketa areto baten alde lan egin dezala.