Terrazen udal ordenantza berrira egokitzeko lanak hasi dituzte Portua auzoan

Antxeta Irratia 2026ko apirilaren 24a

Lanak hamar egunetan amaituko dituztela aditzera eman du udalak. Lurzoruan baldosa podotaktilak jarriko dituzte ikusmen-desgaitasuna duten pertsonek ibilbidea antzeman dezaten eta oztopoak aurrez identifikatzen laguntzeko. Egindako azterketa teknikoen arabera, herritar guztientzako bide irisgarria bermatuko dutenez, ostatuetako terrazak fatxadetara gehiago hurbiltzeko aukera emango du, udal arauak agintzen dituen bi metroko tarteak aplikatu gabe.

Hondarribiko Udalak San Pedro kalean eta Beleztarren Markes kalean espazio publikoa irisgarriago egiteko lanak hasi ditu. Terrazen ordenantzaren garapenaren barruan kokatzen dira lan hauek, eta 10 eguneko epean amaituko dituzte. Udalak argitu duenez, batetik, espazio publikoaren irisgarritasuna bermatzeko helburua dute, eta bestetik, ostalaritza jarduerarako baldintzak erraztea.

Horretarako, lurzoruan baldosa podotaktilak jarriko dituztela argitu du Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak. Ikusmen-desgaitasuna duten pertsonentzat, norabidea antzeman dezaten eta oztopoak aurrez identifikatzen laguntzeko egokitzapen lanak dira. Baina bestetik, terrazen kasuan, fatxadaren ondoko espazioa libre mantendu behar bada ere, San Pedro kalean eta Beleztarren Markes kaleetako ostalaritza establezimenduek terrazak fatxadetara gehiago gerturatzeko aukera izango dute lan hauei esker. 

Urtizbereak azaldu duenez, «indarrean dagoen espazio publikoen irisgarritasun-baldintzei buruzko araudiak ezartzen du oinezkoentzako ibilbideak jarraituak, seguruak eta irisgarriak izan behar dutela, bereziki ikusmen-arazoak dituzten pertsonentzat». Horregatik, fatxadaren ondoko espazioa libre mantendu behar da, gutxienez bi metroko tartea utziz. Hala ere, zinegotziak azpimarratu duenez, «araudiak aukera ematen du terrazak fatxadetara gehiago hurbiltzeko, baldin eta oinezkoentzako ordezko ibilbide irisgarri bat modu argi, seguru eta egokian bermatzen bada». Alde horretatik, Hondarribiko Udalak lanketa teknikoa egin du, eta ondorioztatu du irisgarritasuna bermatuko duten luzetarako franja-gidak egingarriak direla San Pedro eta Beleztarren Markes kaleetan.