Hondarribiak harreman banaezina du itsasoarekin. Jaizkibel mendiko itsaslabarrak bustitzen ditu, eta Higer itsasargia Kantauriko kostaldeko ekialdekoena bada, itsasoaren indarrari eusteko kai berritik hasi, eta mendeetan zehar hondarribiarren bizimodu nagusia izan den arrantzak ere zizelkatu du Hondarribiko herriaren iragana. Bere kultura, gastronomia eta tradizioetan ere itsasoaren aztarna topa daiteke. Santiago Eguneko Kutxa Entrega da horren irudiko, eta 1361eko abuztuaren 29an sortu zen Done Pedro Itsasgizonen Kofradia, Euskal Herriko elkarterik zaharrena.
Kiroletan ere, arrauna da herriko kuttuna, eta gaur egungo ekonomian arrantzak pisua galdu badu ere, hondartza eta nautika modernoaren aisialdi eta turismo eskaintzarekin jakin izan du herriak bere burua berrasmatzen. Beti itsasoaren bueltan. Hondarribiak itsasoarekin duen harremana aldatu egin da denborak aurrera egin ahala, baina gaur egun oraindik ere Hondarribia harro dago itsasoarekin duen harremanaz.
Ortzi Alonso Kultura eta Herri Nortasunerako hautetsiak azpimarratu duenez, «itsasoa herri memoria ere bada, ezin dugu ulertu gaurko Hondarribia itsasoarekin duen historiarik gabe». Eta hori da, hain justu, III. Itsas Ondare Topaketaren helburua, «iraganaz ikastea baina etorkizunera begiratuaz». Aurtengo edizioaren leloa "Hondarribiko historia, izena eta izana" da, eta azken urteetan Hondarribiko Udalak itsasoa eta arrantzak herrian utzitako aztarna balioan jartzeko hainbat ekimen antolatu dituztela kontuan hartuta ere, «Itsas Herria jauzi bat da, eta herriko gainontzeko erakunde eta eragileekin elkarlana ezinbestekoa», Alonsoren ustez.
Hartara, maiatzaren 6tik 9ra ondutako programa Done Pedro Itsasgizonen Kofradia Kofradia, Kofradia Itsas Etxea, Arma Plaza Fundazioa, Sustrai Elkartea, Izugarri Hondarribiko Erraldoiak, Etxara Elkartea eta Beduola Itsas Elkarteak parte hartuko dute. Herritarrak jardunaldietan parte hartzera gonbidatu ditu udalak, eta arrantza sektorea urtetan eraldaketa bizi izan badu, aurten Hondarribiko senegaldarrak ere gonbidatu dituztela nabarmendu du zinegotziak. Izan ere, maiatzaren 6an (19:00tan) "Los cayucos de Cayar" dokumentalarekin zabalduko dituzte jardunaldiak, eta herriko arrantzale senegaldarrek hitza hartuko dute Itsas Etxean.
Gainerako egitarauari dagokionez, Maddi Aginagalde eta Markos Sodupek egindako "Gabarraren azken uhera" dokumentalaren emanaldia izango da maiatzaren 7an (19:00tan), eta ondoren Maria Intxaustegik “Artikotik Antartikaraino, gaur egungo emakume esploratzaile polar baten lana” hitzaldia emango du. Udalak aditzera eman duenez, itsasoaren ikuspegi zientifikoa ere landuko dute aurten. «Klima aldaketaren ondorioz itsas mailaren gorakada herrian ere sentitzen hasi gara, eta gaia adituen eskutik ezagutzeko aukera izango da», argitu du Alonsok. Horretarako Maxi Castrillejo, itsas zientzialaria (University of Laussane) eta Iñaki de Santiago, AZTIko itsas zientzialariarekin mahai-ingurua antolatu dute maiatzaren 8an (19:00). Eta ondoren, “Ondarribi Itsas Herri” dokumentala proiektatuko dute.
Horrez gain, ostiralean, Done Pedro arrantzaleen kofradiak arrantza-portura bisita gidatua antolatu du. Norberto Emazabal abade nagusiak argitu duenez, egun berean Kantauri Itsasoko arrantza kofradien topaketa eta bilera ere egingo dute. Eta herritarrei antxoaren deskarga-prozesua bertatik bertara ezagutzeko, eta ondoren lonjan egiten den enkantea ikusteko aukera egongo da. Bisita gidatuak, 9:00etan eta 11:00etan, eta sarrerak 2 eurotan erreserba daitezke Internet bidez hemen. Bestalde, maiatzaren 9an (12:00tan) herrian antolatu dituzten kaleko ekintzetan ere parte hartuko du kofradiak. «Atunaren ronkeo erakustaldia egingo dugu jendeak ikusteko nola garbitu eta prestatzen den», azaldu du Emazabelek. Eta ondoren, Maddalen plazan antxua eta hegamotza parrillada solidarioa egingo dute. Abade nagusiak argitu duenez, bildutako dirua Nepalalda GKEa eta minibizia duten haurren Aspanogi elkartera bideratuko dute.
Hortaz gain, larunbatean, Etxara elkarteak Marmitako jana antolatuko du Arrantzale auzoan, Palestinako herriarekin elkartasunez. Eta 20:00etan Maren musikariaren kontzertuarekin itxiko dute programazioa San Pedro kalean. Aurretik, 17:00etatik aurrera, DJ Trikitrack, Izugarria Hondarribiko erraldoiak, Beduola elkarteko egurrezko batelen bela eta arraun erakustaldia edota Matraka elektrotxarangak animatuko du arratsaldea Kai Zaharrean.
Itsasoratu feria nautikoa
Baina asteburua maiatzaren 10ean, igandez borobilduko dute, Itsasoratu ekimenaren bosgarren edizioarekin. Herritarrei eta bisitariei zuzendutako jardunaldi irekia izango da, aurrekoetan bezala, aisialdi nautikoa eta itsasoarekin lotutako jarduerak ezagutzara emateko helburuarekin. Estitxu Urtizberea Turismo eta Merkataritzako udal ordezkariak gogoratu duenez, Itsas Herriak ondarea balioan jarri nahi duen bitartean, «herrian nautika eta itsas aisialdian dagoen eskaintza jarri nahi ditu erdigunean».
Alde horretatik, kirol nautikoak direlako iruditegia okerra dela dio zinegotziak, eta «itsasoa beste modu batean ezagutu eta gozatzeko aukera» ematen dutela dio. Azken urteetan, Hondarribian hainbat enpresa sortu dira gainera, urpekaritza edota itsas-belaren eskaintzari lotutakoak. Eta beraz, enplegu eta ekonomia iturri direla nabarmentzen du udalak.
Igandean, Itsasoratu feria San Pedro kalean egingo dute. Goizeko 11:00etan aisialdi nautikoko postuen irekiera egingo dute, eta egun zehar haurrentzako tailerrak, zuzeneko musika, ginkana berezia, ikus-entzunezko proiekzioak, eta abar proposatuko dituzte.