Hondarribiko aireportuak Florentziara hegaldiak eskainiko ditu irailetik aurrera estreinako aldiz

Antxeta Irratia 2026ko maiatzaren 4a

Volotea konpainiak Toscanara (Italia) hegaldiak eskainiko ditu irailetik aurrera. Era berean, Ortzibiak aditzera eman duenez, British Airways konpainiaren Cityflyer filialak Glasgow (Eskozia) hirira hegaldiak eskaintzen hasiko da uztailaren 18an, orain arteko Edinburgokoa ordezkatzeko. Eta konpainia honek 2022tik London City aireportuarekin eskaintzen duen lotura, astean lau hegaldi izatera pasako da maiatza honetan.

Hegaldien okupazio-tasa iazkoa baino hobeagoa bada ere, hegaldi kopuruak %8,2 apaldu dira 2026ko lehen hiruhilekoan Hondarribiko aireportuan. Bidaiarien kasuan, martxoan %8,8ko beherakada izan badu 2025arekin alderatuta, eta urte hasieratik %5 apaldu da, orotara, 88.619 bidaiarirekin. Hala eta guztiz ere, iaz galdutako zenbait konexio berreskuratzeko, eta aukera berriak erakartzeko lanean ari da etengabe Ortzibia erakundea. 

Hala, 15 urte pasatu dira Hondarribiko aireportuak Italiara hegaldirik eskaini gabe. Air Nostrum konpainiaren Erromarako zerbitzua izan zen azkena. Eta oraingoan Hondarribiko aireportuak Italiara bidaiatzeko hegaldi eskaintza berreskuratuko du Volotea konpainiaren eskutik. Espainiar konpainiak Menorca, Malaga eta Mallorcara hegaldiak eskaintzen ditu ere, dagoeneko udaberrian eta udazkenean. Eta azken urteetan, Valentzia eta Sevillara loturak egin izan ditu ere. Kasu honetan, Hondarribia-Florentzia lotuko ditu hegaldi berriak. 

Aireportuaren garapenerako Ortzibia erakundeak ez du oraindik eskaintzaren xehetasun gehiagorik eman. Baina lehen hegaldi txartelak datozen asteetan salgai jarriko dituztela iragarri dute. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Turismo departamenduak aditzera eman duenez, hegaldi berriaren helburuen artean dago, Toscanako (Italia) bisitariak Gipuzkoara erakarri ahal izatea. Azahara Dominguez foru diputatuak argitu duenez, «turismo kulturala eta gastronomikoa duen bisitari profila» baita honakoa.

Florentziara hegaldiak ez dira Hondarribiko aireportuaren berritasun bakarra izango. Uda honetan, uztailaren 18an, British Airways konpainiaren Cityflyer filialak Glasgow (Eskozia) hirira hegaldiak eskaintzen hasiko baita. Hondarribitik larunbatero 11:45ean eta asteartero 19:25ean. Eta Eskoziatik Hondarribira, aldiz, larunbatero 7:35ean eta asteartero 15:15ean. Ortzibiak argitu duenez, berez ez da eskaintza berria izango, 2024ko uztailaz geroztik eskaintzen zuten Edinburgoko hegaldia ordezkatzera bait dator.

Gogoan hartu behar da, konpainia honek 2022tik London City aireportuarekin ere lotura eskaintzen duela, eta hasiera batean astean bi hegaldirekin hasi bazen ere, aurten hirutan lotu izan duela Ingalaterrako hiriburua Hondarribiarekin. Eta maiatza honetatik aurrera laugarren hegaldi bat gehituko du. Hortaz, astelehenetan, ostegunetan, ostiraletan eta igandetan ematen du zerbitzua.