Herriko ostalaritza sektorean euskararen erabileran hobekuntza tarte handia dagoela ikusita, egoeraren diagnosia egin du Hondarribiko Udalak, eta horren araberako laguntzak eta neurriak hartzen hasi ditu. Hiriko 70 taberna eta jatetxeren azterketa egin dute behaketa eta banakako elkarrizketen bidez. Eta horren arabera, ostalarien %95k uste du euskarak dagokion tokia izan behar duela Hondarribian, eta establezimenduen %80an gutxienez euskal hiztun bat dago. Hortaz, badute nondik hasi ostalaritza zerbitzuetan bezeroekin euskarari eragiteko.
Horrez gain, taberna eta jatetxeen %60k menuak edo kartak euskaraz dituzten bitartean, establezimenduetako kartel eta atariko irudiei dagokienez, erdiak baino ez ditu euskaraz. Teknologia berrien erabileran, aldiz, apala da euskararen presentzia. Izan ere, azken urteetan horretarako laguntzak bideratu izan badira ere, webgunea duten taberna eta jatetxeen %70ek ez du euskarazko edukirik, eta sare sozialetan establezimenduen %20k soilik erabiltzen du euskara.
Ostalariekin egindako elkarrizketetan, hainbat zailtasun ere aipatu dituzte. «Denbora falta, langile euskaldunen gabezia eta ohiturak» dira nagusiki euskaraz gutxi egiteko eman dituzten arrazoiak. Eta aldi berean, laguntza teknikoa beharrezkoa dela aitortu dute. Hori dela eta, Hondarribiko Euskara Sailetik abian jarritako Euskararen Plan Estrategiko berriak aurreikusten dituen laguntzak bideratzen hasi dira, hutsuneak estali nahian.
Garoa Lekuona, Euskara hautetsiak gogoratu duenez, joan den udan hasi ziren UEMAren "Bertatik Bertara" kanpaina bultzatzen. Eta aurten ere, tabernariak eta kontsumitzaileak euskaraz aritzeko lagungarri izango dituzten hitz eta esapideen eskuorriak banatuko dituzte.
Alde horretatik, guztien borondatea eta inplikazioa behar dela iritzita, “Borondate kontua bada, egingo dugu?” lelopean, hainbat euskarri jarriko ditu udalak ostalariei zein bezeroei euskaraz aritzeko gonbita egiteko. Izan ere, Lekuonak aitortu digunez, udalak eskatu ez ezik, lagundu egingo die euskararen presentzia suspertzeko.
Bestalde, Lekuonak iragarri du aurki zabalduko dutela euskara sustatzeko dirulaguntzak eskatzeko epea. Laguntzen artean izango dira lokaletako eta laneko ibilgailuetako errotuluak zein negozioen webguneak euskaratzeko dirulaguntzak. Era berean, gogorarazi du Euskara Saileko itzulpen zerbitzuak itzulpen laburrak doan egiteko aukera eskaintzen duela: euskaraitzul@hondarribia.eus.