Garoa Lekuona: «Hasieratik adierazi nuen ez nuela euskararen aldeko inor bakarrik sentitzea nahi, eta batasun horretatik beste kontzientzia bat sortzen ari da Hondarribian»

Koldo Nausia 2026ko apirilaren 24a

Bi urte igaro dira Euskararen Erabilera Sustatzeko Ekintza Plana onartu zutenetik, eta aurreikusitako ekintzen %86 egina edo martxan dagoela nabarmentzen du Hondarribiko Udaleko Euskara zinegotziak. Herri eragileekin batera etengabe lanean jarraitu beharko dutela argi du, baina bi urteotan herrian euskararen erabilera suspertzeko baldintzak jarri dituztela uste du. Udazkenean Soziolinguistika Klusterrak 2021eko kale-entzuketa datuak eguneratuko ditu, baina «balorazio kualitatiboa eginez, egindako lanak pausoz pauso emaitzak emango dituela ziur» dago Lekuona. 

Hondarribian euskararen erabileran eragiteko eta herritarrak aktibatzeko erronka onartu zuen Garoa Lekuonak Udaleko Euskara arloaren ardura hartu zuenean. 2021ean Soziolinguistika Klusterrak egindako azken kale-entzuketaren emaitzak kezkagarriak zirela eta, euskararen erabilera suspertu beharra dagoela ulertzen baitu. Ezagutza maila %72,8koa izanik, kaleko erabilera erreala %16,3koa zen orduan, eta gazteen artean %10 ingurura apaltzen da.

Heldu den udazkenean egingo dute hurrengo azterketa, eta datuak eguneratzeaz harago, azken bi urteetan ereindako haziak bere fruitua emango duela uste du. «Nota bat egongo da hor, baina Hondarribian beste giro bat badago, beste kontzientzia bat sortzen ari da gero eta zabalagoa, eta norabide berria herrigintzatik eta eragileetatik sortutakoa denez, pausoz pauso bere emaitzak emango dituela ziur gaude», dio Lekuonak.

Halaber, Euskara hautetsiak argi du Hondarribiko Udalak baliabideak eskaintzen, eta herri eragileek lanean jarraitu beharko dutela etenik gabe. Bi urteotan horretarako baldintzak jarri dituztela uste du, eta herriak urrats bat egin duela. «Kezka badago, erdara nagusi duen udalerri euskalduna garelako, eta datuak esaten ditugunean jendea kezkatzen da, zoritxarrez ustea delako euskara gehiago hitz egiten dela, benetan egiten dena baino», argitzen du. 

Kontzientzia piztu eta eragin

Kezka hori gizarteratzea eta kontzientzia linguistikoak piztu nahi izan zuen hastapenetik. Hartara, bi urte igaro dira 2023-2027 Euskararen Erabilera Sustatzeko Ekintza Plana (ESEP) onartu zenetik, eta bertan aurreikusitako ekintzen %86 egina edo martxan dagoela nabarmentzen du. Hala ere, plan estrategiko berriaren edukia eta neurri zehatzak baino, 2024an eratutako Euskara Mahaia, eta bertan herriko eragileekin batera landu izana da garrantzitsuagoa Lekuonaren ustez. «Euskara Mahaia giltzarri izan da, eta nik hasieratik adierazi nuen ez nuela euskararen aldeko pertsonak eta eragileak bakarrik sentitzea nahi, eta argi dago bat eta bat beti ez direla bi, eta batasun horrek eta elkarlanetik indarrak batu eta dinamika aldaketa bat ekarri du», azpimarratzen du.

ESEP planaren ardatz nagusiak, euskararen normalizazioa bultzatzea, hizkuntzaren prestigioa handitzea, herritarren kontzientzia piztea, transmisioa eta ikasketa indartzea, eta euskaraz bizitzeko guneak sortzea lortu dutelakoan dago. Horren irudiko izan dira azken bi urteetan herri mailan euskararen alde ospatutako zenbait mugarri. «Elkarlana bultzatuz eta aniztasunetik abiatuta, herri dinamika indartu dela uste dut, herritarren artean bizipenak eta euskara sustatzeko ekimenak indartu egin dira», dio EH Bilduko zinegotziak, iazko Euskaraldian antolatutako programa oparoa, eta ospatutako 8 ordutako Euskaraoke Herrikoia, edota aurtengo martxoan 24. Korrikaren herri-batzordeak antolatutako Korrika Eguna nabarmenduz. 

Euskararen alde aritu diren eragile eta norbanakoei aitortza ere egin die udalak agintaldi honetan. "Ero haiek" dokumentalarekin ikastolaren sorrera garaiak gogoan hartuz, edota Bordari-Satarka literatur lehiaketaren herriko irabazle guztiak aurtengo sari banaketara gonbidatuz, besteak beste.

Abiatutako egitasmoak

Hala ere, Ekintza Planak aurreikusitako neurrien %86 bete badute ere, denetan jarraipena beharko dutela aitortzen du Garoa Lekuonak. Bilana abenduan egin zuten, eta orduan oraindik abiatu gabeko zenbait lanketa dagoeneko eskuartean dauzkatela dio. Euskara Mahaia eta plana antolatzerako garaian, herrigintzaz gain, ostalaritza eta merkataritzan eragitea, hezkuntzan, eta kirol elkarte eta aisialdian ere ardaztu dituzte ekintza gehienak. «Gaitasunak finituak direnez lehentasunak markatu behar izan ditugu, baina herriko lau kirol elkarterekin lanean hasi gara dagoeneko, eta hori zen pendiente genuen eremu nagusia», azaldu du. 

Gainerakoan, hezkuntza arloan herriko Talaia, Ama Guadalupekoa eta Egiluze eskoletan 2.100 ikasle eta 100 irakasleri baino gehiago inplikatu dituen hizkuntza kontzientziazioaren lanketarekin kontent dago zinegotzia. Ikastetxeekin elkarlanean "Bilaba" egitasmoa martxan dute, eta adinari egokitutako unitate didaktikoak prestatu dituzte. «Motela da, baina hirugarren ikasturtea da proiektua martxan dagoela eta zeharkako lanketa sakona egiten ari dira eskoletan», dio Lekuonak. 

Hortaz gain, dirulaguntzak eguneratu, handitu eta laguntza lerro berriak onartu dituzte joan den urtean, eta euskara ikastea doakoa izan dadin bermatzeaz gain, herriko hizkuntza-paisaian euskarak presentzia handiago izan dezan hainbat neurri hartu dituzte. Agintaldi hasieran Hondarribia UEMAn sartu zen, eta erakunde honen laguntzarekin "Bertatik Bertara" kanpaina egin dute ostalaritzan azken bi urteetan. Iaz herriko 32 ostatuk eta jatetxek bat egin zuten "Ongi Etorri Euskararen Herrira!" lelopeko kanpainarekin, eta orain artean 70 establezimendutan hizkuntza-paisaia euskaratzeko lanketa egin dute. «Udazkenean, aldiz, diagnostiko sakona egin genuen, herriko ostalariei galdeketa bat eginez», azaltzen du, eta establezimenduetako kartak euskaratu dituzte, adibidez. 

Asko dago hobetzeko oraindik, eta udazkeneko kale-entzuketen emaitzek argituko digute ongi-bidean doazen Hondarribian. Eta euskararen erabilera suspertzeko egindako urratsak sendotu beharko direla aitortzen du Garoa Lekuonak. Baina azken bi urteetan euskararen kontzientziari ximiko egin, eta osatutako bideari esker, «euskararen bueltan harrotasuna, herri nortasuna eta kontzientzia piztu da herrian», bere ustez.