Kemen dantza taldeak 2007 urteaz geroztik ospatzen duen Hondarribia Dantzan jaialdia martxan da. Berez, maiatzaren 20tik 24ra bitartean izango da, baina hilaren 12tik euskal dantza taldeak duen jantzien bilduma oparoa ikusgai jarri du Arma Plazan antolatu duen "Inauteri garaiko dantza, tradizio eta jaien jantziak" izeneko erakusketan. Astelehenetik larunbatera 10:00etatik 19:00etara bisita daiteke interpretazio zentroko goiko solairuan. Eta igandean 10:00etatik 14:00etara. Mikel Button, Kemen dantza taldeko kideak azaldu duenez, «Euskal Herrian inauterietan dagoen usadio, dantza eta jantzi aniztasun eta aberastasuna erakusteko» antolatu dute erakusketa.
Hari horretatik tiraka, urtero egin ohi duten bezala, euskal dantza Hondarribiko plazak hartzeaz gain, hausnarketarako hitzorduak ere proposatuko dituzte aurten. Izan ere, jaialdi hau belaunaldi berrientzako transmisio espazio garrantzitsua dela dio Kemen dantza taldeak. Urtero adituak gonbidatzen dituzte, eta haien helburua da erakustea «euskal dantza ez dela garai bateko kontua, eta eguneratzen jakin izan duela». Hartara inauterietan bezala, oro har, Ezpata Dantzan edota kaskaroten usadioan bezala, genero ikuspegitik tradizioak nola eraldatzen joan diren aztertuko dute.
Horretarako, maiatzaren 20an, 19:00etan, Thierry Truffaut antropologo baionarrak "Ihauteri: ilunpetik argira" hitzaldia emango du Kultur Etxean. Eta maiatzaren 21ean, ordu eta leku berean, "Anarru egune" dokumentala eta ondoko mahai-ingurua proposatzen dute.
Asteburuan, aldiz, dantzak girotuko ditu Hondarribiko kaleak. Maiatzaren 22an, Kemen dantza taldearen emanaldia egingo dute Santa Maria Madalen plazan (19:30etan). Eta hilaren 23an, larunbata, kanpotik gonbidatutako dantza taldeekin topaketa egingo dute. Portua auzoko Madalen plazan Oñatz (Oñati, Gipuzkoa) eta Tambarria K.E. (Corella, Nafarroa) dantza taldeak ariko dira 19:00etatik aurrera. Egun handia, aldiz, maiatzaren 24an izango da. Hondarribia Dantzan jaialdia Dantzari Txiki Egunarekin borobiltzen baitute urtero, eta Adaxkako harrobiko dantzari txikienak Kemeneko helduekin batera ibiliko dira 11:00etatik aurrera herrian zehar dantzan.
Haiekin batera, herriko txoko ezberdinetan Lurra (Urretxu, Gipuzkoa) eta Begiraleak (Donibane Lohizune, Lapurdi) dantza taldeek ere parte hartuko dute. Eta haiekin batera, Hondarribiko Musika Eskolako dantzariak eta Oiartzungo erraldoiak ere ibiliko dira kalejiran.