Ostrazismoan zegoen Higer itsasargiari distira atera nahi diote herritarrei ateak zabaltzeko

Koldo Nausia 2026ko maiatzaren 19a

Pasaiako Portu Agintaritzaren administrazio kontseiluak ekainean onartuko du Higer itsasargiari atxikitako eraikina, eta inguruko 2.100 metro koadroko lursaila, Hondarribiko Udalari lagatzea. Akordioa 30 urterako izango da, eta udalak itsasargien historia eta oraina ezagutzara emateko, eta itsas-kulturari zuzendutako proiektu bat garatzeko konpromisoa hartu du. Igor Enparan alkateak argitu duenez, San Telmo gazteluarekin eta Talaia Bidearen abiapuntuarekin batera, «ikuspegi integral batetik landu beharreko proiektua» da.

Hondarribiko herriak dituen altxor ugarien artean, Higer itsasargia da horietariko bat. 1881. urtean eraikia, bere 21 metroko altuerarekin euskal itsasargirik garaiena da. Bakarra da gainera, itsasaldera argitzeaz gain, bere argi distirak lehorrera ere begiratzen duela, 360 graduko itzulia osatuz. 1990etik 1993ra bertan bizi izan zen farozainak, Pablo Zimmermannek kontatu digunez, itsasontziek gauetan bilatzen duten erreferentzia izateaz gain, aireportuaren hurbiltasuna dela eta, gaur egun erabiltzen ez den Euskadiko aerofaro bakarra baita.

Euskadin 2 farozain besterik ez daude, eta horretarako azken oposaketak 1993an egin ziren. Bata Gipuzkoako Igeldokoa da (Pablo Zimmermann bera), Hondarribiko Higer farolaren mantentzea ere kudeatzen duena. Eta bestea, emakumea (Cristina Garcia-Capelo) Bizkaian ari dena lanean. Garai batean farozainak bertan bizi baziren ere, gaur egun teknologiak agintzen du. Eta Gipuzkoako Portu Agintaritzak Pasaiatik kontrolatzen ditu balizak, argiak eta konpondu behar diren abisuak.

Euskadiko Itsasargien Lagunen Elkarteko Iñaki Garciak dioenez, «magia hori galdu da, lehen bizpahiru farozain familia bizi baitziren itsasargi batean, 8 orduko txandak egiten zituztelako». Eta orain, funtzio bertsua betetzen dute hutsik egon arren. «Dena aldatu da azken hamarkadatan. Izan ere, itsasargien gaur egungo bonbilak oso txikiak dira, gure etxekoen tamainakoak», azaldu digu. Benetan garrantzitsuena argia kontzentratzen duen lente-optikoa baita, fresnel lentea. Horri esker, itsasargien argi-dizdira 5 milatatik 17-25 arte ere ikusten da baldintza egokienetan. 

Higer itsasargiak Amuitz parez pare du, eta Talaia Bidearen abiapuntu izanik, Igor Enparan alkatearen arabera, eraikin sinbolikoa eta estrategikoa izateaz gain, «espazio kuttuna da hondarribiarrentzat». Horregatik, 2015ean udalbatzak onartu eta gerora tiradera batean gordeta egon den proiektua berreskuratzeko lanean aritu da udal gobernua 2023an agintera iritsi zenetik.

Miren Ayerbe (udal arkeologoa), Izaskun Goñi (Portu Agintaritzako presidentea) eta Igor Enparan itsasargira bisitan.

Pasaiako Portuko Agintaritzak eraikina udalari lagatzeko bide administratiboari ekin zioten, etorkizunean udalak itsasargian proiekturen bat garatu ahal izateko. Eta joan den apirilean lagapen akordioaren baldintzak Udal Osoko Bilkuran onartu eta gero, gaur alkateak Pasaiako Portu Agintaritzako presidentearekin, Izaskun Goñirekin, Higerrera egindako bisitan aditzera eman dute akordioa osoa dela. Izan ere, Gipuzkoako zazpi itsasargiak kudeatzen dituen erakundeak ekaineko administrazio kontseiluan onartuko du emakidaren hitzarmena.

Epe luzerako proiektua

Oraindik ere, azken farozainen bi etxebizitza zaharrak, 2015 urtetik abandonatuak, egokitzeko lanak esleitu eta urtebeteko obrak aurreikusten dituzte.  Beraz, Igor Enparanek argitu duenez, 2027a baino lehen «nekez zabaldu ahal izango dira itsasargiaren ateak herritarrek bisitatzeko».

Hala ere, bide administratiboa egin dute, eta itsasargiari atxikitako eraikinaren kudeaketa ez ezik, inguratzen duen 2.100 metro koadroko lursaila ere bere gain hartuko du aurki Hondarribiko Udalak. Hitzarmenaren iraupena 30 urtekoa da, baina beste bost urtez luzatu dezakete. 

Izaskun Goñi, Pasaiako Portuko Agintaritzako presidentea «oso kontent» agertu da hitzarmena bururaino eraman dutelako. «Gure konpromisoa da itsasargiak mantentzeaz gain, ondare publikoa herritarren zerbitzura jartzea, eta Hondarribiko Udalak itsas jardueraren jakintza eta ezagutzan oinarrituta aurkeztu duen proiektua egokia ikusten dugu», azpimarratu du.

2015ean utzi zuen eraikina azken farozainak, eta egokitzapen lanak beharrezkoak izango dira. 

Alde horretatik, Hondarribiko Udalak espazioa birgaituko du, eta proiektua zehazten ari direla argitu du Igor Enparanek. Baina Portu Agintaritzarekin hartutako konpromisoen arabera, itsasargien historia eta oraina ezagutzara emateko, eta itsas-kulturari zuzendutako proiektua garatuko dute bertan. «Zergatik eraiki zen, zertarako, nola aldatzen joan den eta gaur egun zein funtzio duen ulertzeko proiektu polit bat osatuko dugu bertan», hitzeman du Enparanek. 

Hondarribiko alkateak «eraikinaren balio historikoa eta kulturala» balioan jarri du. Eta aditzera eman duenez, «itsasoa eta itsas jarduera herriaren nortasunaren parte den heinean, itsasargia horren parte da», baina honakoa ez da proiektu isolatua izango. Azaldu duenez, udalak 3,5 milioi euroko inbertsioarekin erositako San Telmo gaztelua, Asturiaga inguruan egiten ari diren prospekzio arkeologikoak, arrantza portua eta Talaia Bidearen abiapuntua den eremua «ikuspegi integral batetik landu beharra dago, ondare naturala ere kontuan hartuta».