E30 autobusa ekainean jarriko dute berriz martxan, oraingoan betiko geratzeko

Koldo Nausia 2026ko maiatzaren 20a

2024an Hondarribiko Udalak eskatu eta aldundiak abian jarritako E30 linea indartu egingo dute ekainaren 1etik aurrera, eta gerora urte osoan mantenduko dute. Lurraldebusek Hondarribiko aireportua Donostiako erdigunearekin zuzenean lotuko duen zerbitzua emango du orduoro. Iaz 14.000 bidaiari jaso zituen, eta aireportuko bidaiarientzat espresuki diseinatuta dagoenez, E21 linea hondarribiarren zerbitzura bideratzea ahalbidetuko du.

Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatuta, Lurraldebusek Hondarribiko aireportua eta Donostiako erdigunea lotzen dituen linea zuzena (E30) martxan jarriko du hirugarren urtez. Hondarribiko Udalaren eskaera bati erantzunez egin zuten lehen proba 2024an, bereziki udako hilabeteetan E21 lineak (Hondarribia>Donostia) izaten duen erabiltzaile gainkarga saihesteko. Zerbitzua eraginkorra izan dela frogatu zuten iaz. Udan 14.000 bidaia baino gehiago izan baitzituen linea honek, 2024an baino %83 gehiago. Hortaz, uda honetan ere E21 lineak aireportura sartzeari utziko dio, eta kanpoko geltokia ere kendu egingo dute.

Zerbitzu hau indartzeko beharra dagoela azaldu du Igor Enparan Hondarribiko alkateak. Eta aurreko bi urteetan aireportuko erabiltzaileen faboretan ez ezik, hondarribiarrek ere eskertu dutela azpimarratzen du. «Iazko udan hartutako neurriak oso onuragarriak izan ziren hondarribiarrentzat. Izan ere, E21 lineak aireportuan geldialdia egiteari uzteak linea arindu zuen, eta herritarren eguneroko joan-etorriak erosoago eta eraginkorrago bihurtu zituen, bertako bizilagunei zerbitzu hobea eskainiz», azaldu du. Gainera, E30 zerbitzua urte osora zabaltzeak Donostira joateko bigarren aukera bat suposatzen duela nabarmendu du alkateak, Amute eta aireportuaren inguruko bizilagunentzat eskuragarriagoa. 

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako foru diputatu Azahara Dominguezek azaldu du, Lurraldebusek pertsona guztiek azpiegitura horietara modu jasangarrian, erosoan, seguruan eta eskuragarrian iritsi ahal izan dezaten helburu duela. 

Gaur Igor Enparan Hondarribiko alkatearekin aireportuan egindako agerraldian argitu duenez, aurten aireportuko hegaldien eskaintzara «oraindik hobeto egokitzeko eta bidaiariek gutxiago itxaron behar izateko» zerbitzua indartu egingo dute. 

Datorren ekainaren 1etik aurrera, E30 linea Donostiako autobus geltokitik zerbitzu emango du astelehenetik larunbatera goizeko 7:00etatik zerbitzu emango du orduoro 12:00ak arte. Eta 14:15ean tarteko zerbitzu bat egin ondoren, 16:00etatik 20:00etara autobus bana abiatuko da aireportura. Hondarribitik, berriz, 7:30ean izango da aurreneko zerbitzua Donostiarako noranzkoan, eta eguerdian 13:45eko aparteko zerbitzuaren ondotik, 15:30etik 19:30 ibiliko da, ordubeteko maiztasunarekin. Azken zerbitzu bat ere emango du Lurraldebusek 21:45ean, hegaldietara egokitzeko. «Iaz egiaztatu genuen oso eskari handiko zerbitzua dela, eta aireportuko hegaldien eskaintzara are hobeto egokitu dugu erabiltzaileen benetako beharrei erantzuteko», argitu du Dominguezek. 

Bestalde, zerbitzua maletak gordetzeko tokia duen autobus batekin eskainiko dute, erabiltzaileen erosotasuna handitzeko. Eta foru diputatuak gogorarazi du, iazko udatik bidaiariek MUGI txartel anonimoa aireportuko oroigarri-dendan eros dezaketela.