Kemen dantza taldeak antolatutako Hondarribia Dantzan jaialdiak eguraldia izango du lagun asteburu honetan. Hilaren 12tik euskal dantza taldeak duen jantzien bilduma oparoa biltzen duen "Inauteri garaiko dantza, tradizio eta jaien jantziak" izeneko erakusketak igandean itxiko ditu ateak. Arma Plazan bisita daiteke oraindik, larunbatean 10:00etatik 19:00etara, eta igandean 10:00etatik 14:00etara.
Bertara bisita gidatua egin zuten asteazkenean Thierry Truffaut antropologo baionarraren eskutik "Ihauteri: ilunpetik argira" hitzaldiarekin. Eta ostegunean,"Anarru egune" dokumentala proiektatu zuten. Baina teoriatik praktikara pasako da Hondarribia Dantzan jaialdia asteburuan. Dantzak girotuko ditu Hondarribiko kaleak. Eta Zuhaitz Elejalde, Kemen dantza taldeko kideak azaldu digunez, maiatzaren 22an, Kemen dantza taldearen emanaldia egingo dute Santa Maria Madalen plazan (19:30etan). Hilaren 23an, larunbata, kanpotik gonbidatutako dantza taldeekin topaketa egingo dute. Portua auzoko Madalen plazan bertan Oñatz (Oñati, Gipuzkoa) eta Tambarria K.E. (Corella, Nafarroa) dantza taldeak ariko dira 19:00etatik aurrera.
Baina egun handia, maiatzaren 24a izango da. Hondarribia Dantzan jaialdia Dantzari Txiki Egunarekin borobiltzen baitute urtero, eta Adaxkako harrobiko dantzari txikienak Kemeneko helduekin batera ibiliko dira 11:00etatik aurrera herrian zehar dantzan. Haiekin batera, herriko txoko ezberdinetan Lurra (Urretxu, Gipuzkoa) eta Begiraleak (Donibane Lohizune, Lapurdi) dantza taldeek ere parte hartuko dute. Elejaldek azaldu duenez, haurrekin bazkaria antolatu dute Soroetako frontoian, eta arratsaldean antolatu duten erromeriarekin itxiko dute asteburua. Haiekin batera, Hondarribiko Musika Eskolako dantzariak eta Oiartzungo erraldoiak ere ibiliko dira kalejiran.