Inguru naturala balioan jarriz maitatzen ikastea, ingurumena zaintzeko egin beharreko lehen urratsa dela sinetsita dago Hondarribiko Udala. Hartara, ekainaren 5ean ospatzen den Ingurumenaren Nazioarteko Eguna aitzakia hartuta, herriko Ingurumen Astea antolatu dute bigarrenez. Garoa Lekuona, Ingurumeneko zinegotziak azaldu duenez, «hondarribiarrak ingurumenaren kontzientziaziora hurbildu nahi ditu udalak». Eta horretarako, adin guztietarako programa oparoa ondu dute, egun horietan sakondu beharreko gaiak lantzeko ez ezik, urtean zehar Hondarribiko eskoletan txikienek Ingurumen Hezkuntzan egiten duten lana balioan jarri nahian ere.
Alde horretatik, ekainaren 3an herriko ikastetxeek eta Mater ontziak elkarrekin burutuko dute Zero Zabor Uretan proiektua abiatuko dute, eta Irungo Ficoban ospatuko den Bioterra azokan ekimen honen inguruko erakusketa aurkeztuko dutela iragarri du Lekuonak.
Egun berean, 18:30ean, Goikoerrota baserriari buruzko dokumentalaren aurkezpena egingo dute Itsas Etxea auditoriumean. Emanaldiak Goikoerrotaren historia eta ondare-balioa ezagutarazi nahi ditu, eta ondoren herritarrei zuzendutako dinamika parte-hartzailea egingo da, espazioaren etorkizuneko erabileren inguruko ideiak eta proposamenak partekatzeko. Izan ere, Garoa Lekuonak gogoratu du, Goikoerrota berriz irekitzeko proiektua Agintaldi Planak aurreikusitako ekimenetako bat dela. «Goikoerrota herriarentzat leku kuttuna da, memoria, historia eta ondare-balio handikoa», nabarmendu du Ingurumeneko hautetsiak, herritarren parte-hartzea ezinbestekoa izango dela aitortuz, «dokumentalaren ostean egingo den solasaldiaren bidez, Goikoerrotaren oinarriak herritarrekin batera adostu nahi dugu». Argitu dutenez, dokumentala 20 minutu ingurukoa da, eta Lander Etxedonak egindakoa, Goikoerrotaren balioa ikusgarri egin nahi du.
Gainerakoan, txikienentzako ipuin kontaketekin hasi, eta familian edo mendizaleei zuzendutako Jaizkibelgo landaredia ezagutzeko txango batekin ere osatuko dute astebeteko programazioa. Garoa Lekuonak argitu duenez, astean bitan ipuin kontaketa izango da haurrentzat. Ekainaren 1ean Miru ipuin kontalariak 'Nik maite dut natura' ipuina irakurriko die 3 eta 8 urte arteko txikiei, 18:00etan Zuloaga Etxeko udal liburutegian. Ekainaren 4ean, berriz, 'Lurrari bira egitea ahaztu zitzaionekoa' kontakizuna irakurriko du ipuin kontalari berak.
Bestalde, ostirala arratsaldean eta larunbatean goiz eta arratsaldez, tailerrak antolatuko dituzte Kultur Etxeko 103. gelan. Argitu dutenez, ekainaren 5ean xaboi naturalak ekoizteko tailerraren bi txanda egingo dira, 5-10 urteko haurrentzat (17:00etan) eta helduentzat (18:30ean). Ekainaren 6an, aldiz, goroldioarekin apaintzeko 'Koloretako letrak' tailerra izango da 7-11 urteko txikienentzat, eta helduen kasuan, koadro biziak egiteko tailerra izango da 12:00etan.
Era berean, eguraldiak laguntzen badu, Aranzadi Zientzia Elkarteko adituen eskutik Jaizkibelgo habitatak ezagutzeko txangoa proposatzen dute, 9:30ean. Gogoratu beharra dago Aranzadiko biologoa Anais Mitxelena hondarribiarra 2011 urteaz geroztik Jaizkibelgo landareen habitat eta ekosistema ezberdinak aztertu dituela, eta azken urteetan, lan eskerga horren dibulgazioa bultzatzeko argitalpen zenbaitzuk ere plazaratu dituztela Hondarribiko Udalaren laguntzarekin.
Tailer hauetan guztietan aurretik izena eman behar dela azpimarratu du Garoa Lekuonak. Sarrera muxu truk izango bada ere, aforoa mugatua delako. Interesa duten herritarrek hemen izena eman dezakete.