"Euskaldun eta bikingo, arraultzearen gorringo" izandu ziren beteranoak gonbidatu dituzte Herri Olinpiaden azken eguna ospatzeko

Antxeta Irratia 2026ko maiatzaren 28a

Ekainaren 6an ospatuko dute aurtengo Hondarribiko Olinpiaden azken eguna. Gastronomia proba egiteko eta eguna elkarrekin gozatzeko 80-90. hamarkadako zein 2014tik 2017 bitarteko olinpiadetako aurreneko bi aroetako taldeak gonbidatu nahi ditu Komite Olinpikoak.

Hondarribiko Olinpiaden azken eguna ekainaren 6an ospatuko dute. Azken urteetan egin izan duten moduan, gastronomia proba izango da goizeko plana. Aurten, orotara 36 talde izan dira olinpiadetan parte hartzen, baina azken egunean ohikoa duten bezala, beste talde batzuk ere gonbidatu nahi ditu Komite Olinpikoak.

Izan ere, beteranoak animatu nahi dituzte olinpiaden hirugarren aroko gazteekin bat egitera. Bistan da, "Hondarbia Hondarbia, txol herri eder garbia, Bartzelonako olinpiadak, ez ttuk haueken erdia. Euskaldun eta bikingo, arraultzearen gorringo, Hondarribia miñon hoberik ez du munduak egingo..." 80-90. hamarkadetako kantu olinpikoaren doinu zaharrak ez direla beharbada berriz entzungo, baina koadrilen eta belaunaldien arteko harremanak eta giroa berreskuratzeko helburua dute. Hartara, garai bateko Flaxiya, Ashkorax, Nikenikeningo edota garai berriagoetako Mixikuak, Pexperlantak edota Hirekin enak ariki bezalako talde/koadrilen lekukoa hartu dutenekin batera festa egitera gonbidatzen dituzte orain aktibo diren kuadrillak. 

Argitu dutenez, 1980ko eta 1990ko hamarkadetan parte hartu zutenak gonbidatuak daude, baina ez haiek soilik. 2014 eta 2017 bitartean bigarren belaunaldian aritu zirenek ere parte har dezakete gastronomia proban, eta haiekin eguna pasatzera.

Talde beteranoek parte hartu nahi badute, mugirike@gmail.com helbidera idatzi dezakete. Horrez gain, haien Instagrametik ere kontaktua egin daiteke. Komite Olinpikoko pertsonekin kontaktua ere egin dezakete.