Hondarribiko aireportuan inbertsio eta hegaldi gehiago lortzeko lanean dabil Eusko Jaurlaritza

Antxeta Irratia 2026ko maiatzaren 29a

Aireportuko zaratagatik, eta ingurumen, osasun eta segurtasun arazoengatik Hendaiak aireportuaren 1992ko akordioa berrikustea eskatu duen bitartean, Eusko Jaurlaritzak Hondarribiko aerodromoa hobetzeko inbertsioak eta nazioarteko zein estatu mailako hegaldi gehiago proposatu dizkio AENA erakundeari. Espainiako Gobernuarekin aireportuen kudeaketarako eratu berri duten foroaren lehen lan-bilera egin dute aste honetan Madrilen.

Hendaiako herriko etxeak, aireportuaren espazioa partekatzeko, 1992 urteko Espainia eta Frantziako estatuen arteko Akordio Binazionala berriz negoziatzeko eskatu duen bitartean, Eusko Jaurlaritza eta Espainiako Gobernuak Hondarribiko aireportuaren jarduera suspertzeko eta inbertsioak bultzatzeko lan bilera egin dute ostegun honetan Madrilen. Bi exekutiboek Aireportu-organo Bikoitza eratu berri dute apirilean. Foro hau autonomia erkidegoko administrazioa Loiu, Foronda eta Hondarribiko aireportuen gaineko eragina handitzeko helburuarekin sortu dute. Eta lehen bileran bere proposamenak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak. 

Hendaiako herritar kolektibo batek iaz 1.300 sinadura bildu zituen hegazkinen zarata, ingurumen eta osasun arazoak eta segurtasun neurriengatik kezkaturik. Eta Frantziako Estatuak esku-hartu dezala eskatu du Kotte Ezenarro alkateak. Maiatzaren 19an batzartu ziren Hendaian hau tratatzeko, Pirinio Atlantikoetako prefeta eta Miarritzeko Parma zein Hondarribiko aireportuetako estatu ordezkariekin.

Baina Eusko Jaurlaritzak bestelako planak ditu. Eta aireportuaren titularra AENA erakundea bada, 2027tik 2031era bitarteko epean egindako azpiegitura hauentzako plan estrategikoaren inbertsioak planteatu dizkio Espainiako Gobernuari. Organo hau ez da loteslea, gomendioak besterik ez ditu egiten, baina aireportuen gaitasun operatiboa hobetzeko helburuarekin, Eusko Jaurlaritzak Hondarribiko aireportua «azpiegitura estrategiko» gisa sendotu dezala eskatu dio Espainiako Garraio Ministerioari.

Aipatutako lan-bileran, Euskadiko aireportuen egoerari buruzko diagnostiko bat aurkeztu dute. Loiu, Foronda eta Hondarribiko aireportuek 7,8 milioi bidaiari jaso zituzten 2025ean, eta karga-operazioak gehitu behar zaizkio jarduera osoari. Hartara, azpiegitura hauen lehiakortasuna eta konektibitatea indartzera bideratutako inbertsio plana mahaigaineratu du Eusko Jaurlaritzak.

Zehazki, AENAk 2027-2031 urtaldirako estatu mailan 13.000 milioi euroko inbertsio plana aurreikusia du, eta kopuru horretatik 470 milioi euro hiru euskal aireportuetara bideratuko ditu. Lan-bileran jasotako gomendioetan, Hondarribian «hiriko mugikortasuna eta aireportura sartzeko sarbideak hobetzea» eta «bere loturak nazioarteko eta estatuko lotura gehiagorekin estaltzea» eskatu dute. Era berean, Hondarribiko pistaren itsas-hesia eta bidaiarien igarotze aretoen hobekuntza aurreikusten dute.