Gizarte inklusiboago bat eraikitzen jarraituko dute kiroletik, Hondarribia Baltsan ekimenaren hirugarren edizioan

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 3a

Ekainaren 7an, igandean, Bidasoaldeko zortzi kirol klubek antolatutako kirol jardunaldia ospatuko dute Gipuzkoa osotik iritsitako Atzegiko 120 kirolarientzat egokituta. Eskubaloia eta saskibaloia izango dira aurtengo nobedadeak, baina aurrekoetan bezala, arrauna, stand up-paddle, pilota, futbola, pala eta mendi buelta egiteko aukera ere izango dute herriko beste hainbeste kirolari boluntarioekin eguna partekatuz.

Hondarribia Baltsan herritarren eskaera batetik sortu zen, eta Hondarribia Futbol Elkarteak proposatu zion udalari egitasmoa antolatzea aurreneko aldiz. Aitaren batean batu zitzaien Irungo Erlaitz Mendi Elkartea edota emeki elkarteko palan aritzen diren emakumeak ere. Eta kirola gizarte inklusiboago bat lortzeko tresna egokia dela erakutsi du aurreko edizioetan. Ekainaren 7an hirugarrenez ospatuko dute, eta adimen desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea ahalbidetzen duen Atzegi elkarteko Gipuzkoako 120 erabiltzaile bilduko ditu Hondarribian kirolaz gozatzeko. 

Ondo errotu da ekimena, izan ere, urtetik urtera gero eta Hondarribiko kirol elkarte gehiago batzen dira ekimenera. Eta aurten saskibaloia eta eskubaloia izango dira nobedadeak. Hortaz gain, Atzegiko kirolariekin batera elkartuko dira futbolean, arraunean, palan, stand up paddle edota mendian ibiltzeko herriko beste 120 bat kirolari. 

Hondarribiko Udalak «gogoz itxaroten duen ekimena» dela azaldu du Josu Peña Gizarte zerbitzuetako zinegotziak, eta ekimenak «herri inklusibo horretan bidea eginez, harri bat gehiago jartzen» duela nabarmendu du. Honako elkarteek parte hartuko dute ekimenean: Hondarribia Arraun elkarteak, HS2-k, Hondarribia Pilota Eskolak, Hondarribia Futbol elkarteak, Hondarribia Ikasbasket S.K., Hondarribia Eskubaloia, Emeki elkarteko palista taldeak eta Irungo Erlaitz Mendi elkarteak.

Atzegiko Aisialdi taldeko arduradunak, Susana Velascok kirola pertsona guztiak berdintasunean gizarteratzeko aukera ematen duela azpimarratu du. «Kirola denok egin dezakegun zerbait da, eta inplikatzen diren kirol klub eta boluntarioei esker, gizarte inklusiboagoa lortzen dugu egun batez», gogoratu du.  Alde horretatik, herriko kirol elkarte guztiei eta udalari egiten duten lana eskertu nahi izan du, «beraiek gabe ezinezkoa izango litzatekeelako jardunaldi hau gauzatzea». Irunen Atzegik bi etxebizitza tutelatu kudeatzen ditu, adimen desgaitasuna duten pertsonen autonomia bultzatuz. Eta Hondarribian du Txolarte aisialdi taldeak eskualdeko egoitza. Orotara 35 bat lagun dira, baina Baltsan ekimenak Gipuzkoa osoko Atzegiko kideak elkartuko ditu Hondarribian. 

Egunaren erdigunea Jostaldi pilotalekua izango bada ere, Atzegiko kirolariak goizeko 09:00etarako helduko dira herrira eta aldez aurretik egindako zerrenda bati jarraiki norberari dagokion elkartera abiatuko dira zuzenean. 10:00etan hasiko dituzte ekintzak eta eguerdiko 13:00ak arte arituko dira horietan buru belarri. Ondoren, egunari amaiera polit bat emateko bazkari bat egingo dute. 

Esan bezala, dagoeneko Atzegiko 150 lagunek izena eman dute, eta herriko klubetako parte hartzea antzekoa izatea espero dutenez, 300 lagunetik gora biltzea espero dutela esan du Josu Peñak.