Ekainaren 6an ikus-entzuleen arimak eta Lesboseko errefuxiatuak elikatuko dituen aparteko kontzertua antolatu dute Hondarribiko Alde Zaharreko Kultur Etxean. Ate zabalik izango da, baina emanaldi solidarioa denez, Zaporeak GKEa lagundu nahi duen orok diru ekarpen bat egiteko aukera izango du bertan jarriko duten kutxan.
Eresmin abesbatzak hainbat alditan antolatu ditu kontzertuak Zaporeak GKEak Europako mugan, Greziako Lesboseko Moria errefuxiatu kanpalekuan 2014 urteaz geroztik martxan duen sukalde solidarioa laguntzeko. Baina oraingo honetan euskal kostaldeak ardazten duen proiektu solidarioa antolatu dute. "Itsasoa eta Kantua" kontzertu gira Santurtzin hasi zutela aditzera eman digu Xabier Mendizabal Eresmin abesbatzako buruak. Eta Zarautzen egon ondoren, orain Hondarribira heldu dira, eta gero Sopela, Bermeo eta Miarritzen ere kontzertuak programatu dituzte. Izan ere, proiektuak elkar lotuak dauden bi alderdi uztartzen ditu.
Proiektuaren goiburuak dion bezala, Zaporeak GKEak laguntzen dituen pertsonak gogoan hartuta beti, "Itsasoa eta Kantua". «Guk imajinatzen dugu errefuxatu horiek Euskal Herrira etorriko balira itsasotik nola harrera egingo genieke», dio Mendizabalek proiektuaren zutabe sinbolikoena azpimarratuz, «baina euskal kantua ere balioan jarri nahi dugu, gutxitan azpimarra jartzen diogulako gure musikagileetan eta jendeak ezagutzen dituen kantu horietan». Hartara, belaunaldiz belaunaldi pasa diren euskal kantu asko itsasoari men egiten diotela dio Eresmin abesbatzako kideak, eta hauek baliatzen dituzte kontzertuen errepertorioa lantzerako garaian ere.
Proiektua herriz herri elkartasuna biltzen doan honetan, Hondarribian Zaporeak GKErekin eta Zumardikoak abesbatzarekin bat egin dute. Kontzertu solidarioa delako batetik, eta bestetik herriz herri, euskal kostaldean zehar herri bakoitzeko abesbatza bat gonbidatu nahi izan dutelako bidelagun izan dadin. «Koruek berehala baikorki erantzun dute, eta eskertzekoa da», dio Mendizabalek, «eta orain arte eman dugun kontzertuetan jendeak harrera polita egin digu, eta gogoan ditugun kantuak direnez, abestera ere animatu dira».
Hondarribiko kontzertua ekainaren 6an, larunbata, 19:00etan izango da Kultur Etxeko areto nagusian (104. aretoa). Carlos Alvarez Zumardikoak abesbatzako ordezkariak argitu duenez, duela urte batzuk horrelako kontzertu bat antolatu izan zuten Eresmin abesbatzarekin batera, eta berriz elkartu dira bideak. Oraingo honetan, Zumardikoak abesbatzak berak irekiko du kontzertua, eta Eresmin abesbatzaz gain txistulariak ere izango direla iragarri du Alvarezek. Emanaldiaren bukaeran, aldiz, bi abesbatzek batera abestuko dute.
Hondarribitik Lesbosera elkartasunez
Antolatzaileek gogoratu dutenez, sarrera librea izango da, baina kontzertu solidarioa dela kontuan hartuta, sarreran dohaitza emateko kutxa jarriko dute Zaporeak GKEaren proiektua laguntzeko. 2014az geroztik Lesbos uhartean (Grezia) Moria kanpalekuan martxan duen sukaldea, hain justu.
Alde horretatik, Zaporeak GKEko kide Miren Legorburu hondarribiarra eskertuta agertu da, eta gogoratu du «eskualdeko supermerkatuetan egiten diren elikagai bilketekin bezala, halako ekimenekin biltzen den euro bakoitzak pertsona batek otordu duin bat izatea bermatzen duela». Irabazi-asmorik gabeko erakunde honek sei hilabeterako sukaldea antolatu zuen 2014an Chios (Grezia) uhartean, garai hartan Siriako gerratik ihesean Europara zetozen errefuxiatuak elikatzeko. Haatik, 12 urte pasatu dira, eta Chios uhartetik kanporatu ondoren, Lesboseko uhartean Moriako kanpalekuan instalatu zirenetik ere, egunean 2.000 otordu inguru kozinatzen dituzte egunero. «Ez dugu mundua aldatuko, baina tragediak bere horretan jarraitzen du, eta beharra egongo den bitartean lanean jarraituko dugu errefuxiatuei otordu duin bat eskaintzeko», hitzeman du Legorburuk.
Zentzu horretan, bidasotarrek ekimen honekin betidanik elkartasun handia erakutsi dutela azpimarratu du. Eta horren adibide jarri du Irungo supermerkatuetan apirilaren 17an eta 18an egindako azken elikagai bilketan jasotako 5.000 kilo baino gehiago janarien marka.