Hondarribiko WikiEmakumeok taldea osatzeko aurkezpena antolatu dute gaur Kultur Etxean

Koldo Nausia 2026ko ekainaren 4a

2015ean Gasteizen sortutako WikiEmakumeok proiektua saretzen joan da Euskal Herriaren luze zabalean, eta Emeki elkarteak Hondarribiko lantaldea sortu nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Horretarako, Oarso-Bidasoaldean martxan diren lantaldeetako Josune Igoa Frantxes, Ana Erasun Ariztegi eta Izaskun Madariaga Iragorri gonbidatu dituzte Kultur Etxera (ekainak 4, 19:00etan) haien esperientziaren berri eman dezaten. Euskarazko Wikipedia elikatu eta tokian tokiko emakumeen biografiak txertatuz, Internet bidezko entziklopedia askean dagoen genero-arrakala murriztea dute helburu. 

Wikipedian ez dagoena, ez da. Tokiko emakumeak eta historian utzitako aztarna bistarazteko helburuarekin, hain justu, Hondarribiko WikiEmakumeok taldea sortzeko proiektuaren aurkezpena egingo dute gaur, 19:00etan, Alde Zaharreko Kultur Etxean. Wikipedian genero-arrakala murriztea helburu duen lankidetza proiektua da honakoa. Gasteizen Mentxu Ramilo Araujok sortu zuen 2015ean, emakume wikilari talde bat osatzeko asmoz. Eta Durangon bigarren talde bat eratu ondotik, Euskal Herriaren luze zabalean herriz herri saretzen joan da pixkanaka. Ekimenak hainbat sari eskuratu ditu. Azkena 2025eko Emakunde Berdintasun Saria. 

Orain, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin, Emeki emakumeen elkarteak bultzatuta lantaldea osatu nahi dute Hondarribian. Eta horretarako, Oarso-Bidasoaldeko WikiEmakumeok taldearekin solasaldia proposatzen dute gaur. Batetik, Josi Sierrak egindako «WikiEmakumeok» dokumentalaren proiekzioa izango da, ekimen honen nondik norakoak ezagutzara emateko. Eta Josune Igoa Frantxes, Ana Erasun Ariztegi eta Izaskun Madariaga Iragorri gonbidatu dituzte solasaldira, inguruko herrietan sortu izan diren WikiEmakumeok lantaldeen esperientzia konta dezaten.

Izan ere, proiektua 2015ean hasi eta gaur egun Gasteiz eta Durangoko aurreneko taldeak ez ezik, Aiaraldean, Bilbon (bi talde ezberdin), Donostian, Lizarran, Portugaleten, Ondarroan, Leioan, Sestaon eta Oiartzunen ere ari dira. Eta Irunen ere lantalde bat osatu zuten 2019an, bertako hainbat emakumeen figurak landu eta Wikipedian txertatzeko asmoz. Orotara, 310 bat emakume ari dira Euskal Herri osoan boluntario lanetan, eta dagoeneko 14.324 biografia eta sarrera egin dituzte. Ekarpen gehien egin dituen taldeen artean, hain justu, Oiartzungoa da. 2021ean lantaldea osatu zutenetik 652 biografia txertatu baitituzte euskarazko Wikipedia entziklopedia librean. 

Gaur egun bost lagun dira aktibo, eta lantalde horretan gaur Hondarribiko solasaldian parte hartuko duen Izaskun Madariaga Iragorri aritu zen hastapenetik. Azaldu digunez, boluntarioak behar dira, eta Internet bidezko entziklopedia euskaraz aberastu eta emakumeen presentzia areagotzeko ez ezik, herriko emakumeen artean saretzeko ere balio du. «Hemen gauza da jendea lanean jartzea, behin proiektua ezagututa animatu egiten da, eta egia da profilaren aldetik irakasle izandako asko dagoela, eta jubilatuak harrobi ederra direla, denbora librea dutelako eta horrelako lanetan sartzeko gogoa dute», azaldu digu. 

Proiektuaren helburua gizon eta emakumeen arteko arrakala Wikipedian orekatzen joatea bada ere, tokian tokiko emakumeen figurak balioan jartzeko ere balio du, eta aldi berean, euskarazko Wikipedia elikatzen joatea. Gogoan hartu beraz, Hondarribiko WikiEmakumeok taldea osatzeko proiektua aurkeztuko dutela gaurkoan. Eta beraz, interesa duen orok, 19:00etan Alde Zaharreko Kultur Etxean du hitzordua.