Barran mokofin gehiago bildu ditu aurtengo Erdi Aroko Pintxo Lehiaketak

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 11

Aurten zortzi establezimenduk hartu dute parte lehiaketan, eta lehen saria eskuratuta, Tatapas Gastrotekako Adur Arrietak ordezkatuko du Hondarribia urrian, "Entre redes y trigales" pintxoarekin, Valencia de Alcantaran (Badajoz, Extremadura) egingo den Erdi Aroko Pintxoen Nazioarteko XVIII. Lehiaketan. Herritarren saria Danontzat Gastrotekako Gorka Irisarriren "Lamiak Arrautza" pintxoak eskuratu du, botoen %25,27 eskuratuz. Aurreko edizioarekin alderatuta %8 emendatu da bezeroen kopurua, eta ostatuetan dastatutako 683 pintxoen zigiluak erregistratu dira.

Adur Arrietaren (Tatapas Gastroteka) "Entre redes y trigales" pintxoa da 2026ko Hondarribiko Erdi Aroko Pintxorik onena, epaimahaiaren arabera. Horrenbestez, datorren urrian Valencia de Alcantaran egingo den Erdi Aroko Pintxoen Nazioarteko XVIII. Lehiaketan Hondarribia ordezkatuko duen proposamena izango da.

Arantza Ayalak (Laia Erretegia), Xabi Izaguirrek (Arraunlari Berri) eta Gonzalo Bustok (Estebenea) osatutako epaimahai profesionalak bereziki baloratu ditu proposamenaren originaltasuna, Erdi Aroarekiko koherentzia eta kalitate gastronomikoa. Kontua hartu behar baita, Erdi Aroan Europan erabiltzen ziren lehengaiak besterik ezin direla kozinatu pintxoen errezeta osatzeko. Aurtengo edizioan zortzi establezimenduk parte hartu dute, Batzoki, Tatapas, Danontzat, Mika, Badia, Enbata, Itxaropena eta Hondar. Eta oso lehiatua egon dela diote epaimahaiko kideen hitzetan. Argitu dutenez, «sormen, teknika eta Erdi Aroko kontzeptuarekiko koherentzia maila oso handia erakutsi dute parte-hartzaileek. Azken erabakia hartzea ez da erraza izan».

Estitxu Urtizberea Merkataritza eta Turismo zinegotziak parte hartu duten establezimendu guztiak zoriondu ditu egindako lanagatik, eta «Erdi Aroko izpirituari eutsiz, berritzeko eta harritzeko gaitasunagatik». Alde horretatik, aurkeztutako proposamenen maila altuak Hondarribiko ostalaritzaren kalitatea islatzen dituelakoan dago zinegotzia, eta pintxo irabazlea, "Entre redes y trigales" izenekoa, enbaxadore bikaina izango da nazioarteko lehiaketan. 

Bezero ahozurien parte-hartzea

Aurtengo edizioan parte hartu duten zortzi establezimenduetako bakar batek izango du Hondarribia ordezkatzeko aukera. Hala ere, sari gehiago banatu dituzte herri mailan. Hain justu, herri-epaimahaiaren 200 euroko saria Danontzat Gastrotekako Gorka Irisarrik eskuratu du. Aurreko edizioetan lehiaketa irabaztea lortu izan duen bitartean, oraingoan herritarren begirunea jaso du bere proposamenak, izan ere, "Lamiak Arrautza" pintxoak herritarren botoen % 25,27 eskuratu du. 

Era berean, sendotuta dagoen lehiaketa eta proposamen gastronomikoa izanik, herritarren parte-hartzea ere nabarmena izan da aurten. Guztira, 182 kupoi baliodun eta 683 zigilu erregistratu dira. Aurreko edizioarekin alderatuta, kupoien kopurua %5 hazi da, eta zigiluen kopurua, berriz, %8. Gainera, kupoien %38k hiru zigilu baino gehiago izan dituzte, eta emandako botoen %45 Hondarribiko herritarrenak izan dira.

Bestalde, pintxo irabazlearen alde bozkatu duten herritarren artean egindako zozketan, Raquel Montiel izan da saritua. 50 euroko bonua eskuratu du, Danontzat Gastrotekan gozatzeko.