Kiroldegiaren eraberritze integrala egiteko 1,3 milioi euroko proiektua du Hondarribiko Udalak

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 18a

2025eko urtarrileko suteak kaltetutako spa eremua berritzea aurreikusten zuten, baina segurtasun, energia eraginkortasun eta irisgarritasun mailan, zein estrukturazkoak diren arazoak identifikatu dituzte, eta urtetan pilatutako gabeziak zuzentzeko proiektu integrala egingo dute. Orotara 1,3 milioi euroko inbertsioarekin, spa eremua handiagoa eta aldagelak berritzeaz gain, suteen kontrako neurriak, alarma eta argiteria sistemak, edota sarbideak egokituko dituzte irisgarriagoak izan daitezen. Igor Enparan alkateak dioenez «kiroldegiaren filosofia bera ere» aldatuko da.

Hondartza kiroldegiko spa eremuan 2025eko urtarrileko suteak kaltetutako eremua berritzeaz gain, erabiltzaileen segurtasuna, irisgarritasuna eta energia-eraginkortasuna hobetuko dituen eraldaketa integrala egiteko proiektua aurkeztu du Hondarribiko Udalak. Gaur egungo irizpide eta kalitate estandarretara egokitzeko beharra zegoela identifikatu dute. Izan ere, udalak aditzera eman duenez, kiroldegia ia 30 urteko azpiegitura da, eta urte hauetan guztietan ez da inbertsio eta mantenu lanen plangintzarik egin. 

Hau dela eta, urtetan pilatutako gabeziak zuzentzeko asmoz, suteak kaltetutako egiturak berritzeaz gain, hasieran aurreikusitakoa baino proiektu handiagoa eramango dute aurrera. Hein handi batean, instalazioak egungo legediari egokitzeko beharrari erantzuten baitio.

Urtetan pilatutako gabeziak zuzendu

Lupe Queiruga, Kirol zinegotziak argitu du, 2025eko suteak agerian utzi zuela, arazoa ez zela suak eragindako kalteetara mugatzen. «Instalazioak segurtasun arloan gabezia esanguratsuak zituen. Egoera horren aurrean, ezinbestekoa zen gabezia guztiak ikuspegi integral batekin aztertzea eta konpontzea», adierazi du. Bistan denez, 2018ko proiektu bat bazuen udalak instalazioak berritzeko. Baina 2025ean sutea gertatu zenean, «spa eremuak ez zuen kanporako ebakuazio-irteera zuzenik, eta sutea gertatu zenean egiaztatu genuen alarma-sistemak ere ez zuela behar bezala erantzun», ohartarazi du Queirugak. 

Igor Enparan Araneta alkateak argitu duenez, «spa eremuak sutearen ondorioz jasandako kalteez gain, arazo estrukturalak zeuden aurretik, azpiko solairuak ere kalteak jasan izan ditu ur-itoginen ondorioz filtrazioak eman izan direlako, eta suteak kalteak areagotu egin zituen». Hau dela eta, udalak hasieran aurreikusitako 300.000 eta 400.000 euro arteko konponketa lanak egin beharrean, eraberritze proiektu integral bat egitea erabaki du, eta 1,3 milioi euro inguruko inbertsioa egingo dute horretarako. 

Zentzu horretan, «proiektuaren dimentsioa» nabarmendu du Estitxu Urtizberea Hirigintza zinegotziak ere. Inbertsioaren zenbatekoa ikusita, «Pasaia kaleko berrurbanizazioaren parekoa» dela gogoratu du, eta beraz, denboran luzatu bada ere, proiektu integrala osatzeko beharrezkoa izan dela dio.  

Proiektu konplexua

Egin beharreko esku-hartzea zehaztea konplexua izan dela aitortu du alkateak. «Suak kaltetutako eremuan lan egitea ez da erraza, baina eraberritze proiektuak kiroldegiaren filosofia bera ere aldatuko du», iragarri du Enparanek. Alde horretatik, lehen gizonezko eta emakumezkoentzat banandutako eremuak zeuden bitartean, proiektu berriak sauna gune handiagoa izango du eta amankomuna.

Zehaztu dutenaren arabera, spa berriak 28 metro koadro inguruko hidromasaje igerilekua izango du, baita sauna finlandiarra eta lurrun-bainua ere, gaur egungoak baino handiagoak. Bestalde, aldagelak ere berrituko dituzte, eta mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzako aldagela egokituak izango dira. 

Alkatearen arabera, «proiektu interesgarria da, eraikinaren estrukturak indartuko dira, argiteria eta alarma sistemak, eta larrialdi egoeretarako irteera egokiak egingo dira, eta oro har irisgarriagoa izango da». Gainera eremu osoak igerilekuarekin lotura izango duela argitu du. Era berean, sute baten ondorioz heldu den proiektua dela aintzat hartuta, herritarren segurtasunarekin pentsatutako proiektua dela argitu du udalak. Hartara, «ebakuazio-bide horri lotutako kanpoko estalkiaren 388 metro koadro inguru berrituko dira, eta suteen aurkako babes-sistemak erabat eguneratuko dira».

Lanak gauzatzeko urrats administratiboak

«Jakitun gara erabiltzaile askok denbora daramatela sauna eta hidromasaje zerbitzua berreskuratzeko irrikaz, baina zorroztasunez heldu nahi izan diogu proiektuari», adierazi du alkateak, baina sutea eman zenetik kiroldegiko zerbitzuen murrizketa nabarmena izanda ere, lanak amaitutakoan egungo behar eta irizpideetara egokitutako kiroldegia izango dela azpimarratuz.

Proiektua behin zehaztu egin dutela, oraindik zenbait izapidetze administratibo falta direla aitortu du Igor Enparanek, baina lanak aurten hasiko direlakoan dago. Udalak dagoeneko abiatu ditu, bai Eusko Jaurlaritzako Portuen Itsas Gaien eta Itsasertzaren Zuzendaritzarekin, bai Osasun Sailarekin egin beharreko izapidetzeak. Eta Hondarribiko Udalak udalbatzak onartu beharko duen kreditu gehigarria beharko du obrak diruztatzeko.