E30 linean banku-txartelarekin ordaintzeko aukera emango dute aireportuko bidaiariek dituzten zailtasunak arintzeko

Antxeta Irratia 2026ko ekainaren 25a

Ekainaren 1etik zerbitzua indartu urte osokoa bilakatzeko erabakia hartu eta gero, Hondarribiko aireportua Donostiarekin zuzenean lotzen duen E30 linea MUGI txartelik ez duten erabiltzaile gehiago jasotzen dituenez, banku-txartelarekin ordaintzeko aukera indarrean ezarriko dute uztailaren 1etik aurrera. Gipuzkoako Foru Aldundiak iragarri duenez, aurrerantzean Lurraldebuseko gainerako lineetara ere zabalduko dute aukera.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Hondarribiko aireportua Donostiarekin zuzenean lotzen duen E30 Lurraldebus linean banku-txartelarekin ordaintzeko baimena eman du. Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak, Azahara Dominguezek azaldu duenez «linea hau MUGI txartelik ez duten erabiltzaile gehiagok erabiltzen dute, eta horrek, batzuetan zaildu egiten du ordainketa, eta eragozpenak sortzen dizkie erabiltzaileei eta, batez ere, gidariei». Hau zuzendu eta zerbitzua arintzeko asmoz, uztailaren 1etik aurrera aireportuko bidaiariek banku-txartelarekin ordaindu ahal izango dute autobusera igotzerakoan.

Neurri hori iazko udan ezarri zuten hobekuntzari gehitu behar zaio, orduan MUGI txartel anonimoen salmenta aktibatu baitzen aireportuko opari dendan. Gogoan hartu behar baita, 2024an Hondarribiko Udalak eskatu eta aldundiak abian jarritako E30 linea indartu egin dutela aurtengo ekainaren 1etik aurrera, eta gerora urte osoan mantenduko dutela. Aurreko bi udako sasoietan Hondarribia-Donostia arteko zerbitzuak eraginkortzeko baliagarria izan dela frogatu baitute.

Zehazki, Lurraldebusek Hondarribiko aireportua Donostiako erdigunearekin zuzenean lotzen duen zerbitzua orduero ematen du uda honetan. Iaz 14.000 bidaiari jaso zituen, eta aireportuko bidaiarientzat espresuki diseinatuta dagoenez, E21 linea hondarribiarren zerbitzura bideratzea ahalbidetzen du, aireportuko bidaiariek linea honetan eragin ohi zuten masifikazioa arinduz. 

Orain espresuki aireportuko bidaiariei zuzendutako ordainketa sistema malgutzeko neurri berri honekin, «eragozpenak sortzen dituzten gorabeherak eta egoerak murriztuko dira, autobusera sartzeko eragiketak arintzeaz gain», dio Dominguezek. Bestalde, banku-txartelarekin ordaintzeko aukera aireportuko zerbitzu honetan abian jarriko dute, baina iragarri dutenez, Lurraldebuseko gainerako lineetara ere zabalduko dute datozen hilabeteetan.