Kontzientziak itzal ez daitezen Gazaren aldeko herri bazkaria antolatu dute Hondarribian uztailaren 11n

Antxeta Irratia 2026ko uztailaren 3a

2025ean antolatutako ekitaldi guztien artean 14.000 euro lortu zituen elkarteak, Gazara ura eta janaria eramateko. Iazko bazkarian 220 lagun elkartu eta gero, uztailaren 11n Alde Zaharrean 200 lagun elkarteko asmo dute herri bazkarian. Txartelak 20 eurotan eskura daitezke Ttopara kafetegian, Ipotx dendan eta Ondare okindegian. Baina bertan bazkaltzeko aukerarik ez dutenentzat ere, palestinar herria laguntzeko 0 lerroko txartel salmenta solidarioa egingo dute 10 eurotan.

Etxara elkarteak Gazaren Aldeko herri bazkaria antolatu du hirugarrenez. Aurrekoak Soroetako frontoian eta Kasino Zaharrean antolatu eta gero, oraingoan Alde Zaharrean ospatuko dute uztailaren 11n 14:00etan, eta antolatzaileek iragarri dutenez iaz antolatutakoan 220 lagun elkartzea lortu ondoren, aurtengoan 200 lagunentzako bazkaria prestatzen ari dira. Ramon Muñoz Etxara elkarteko kideak azaldu du, asteburu horretan Hondarribian ospatuko den Kultura Uztartu jardunaldiek jende asko bilduko duela herrian, eta «elkartasun keinu bat eginez bertan bazkaltzeko aukera» eman nahi dutela.

Bazkarirako txartelak 20 eurotan eskura daitezke Ttopara kafetegian, Ipotx dendan eta Ondare okindegian. Baina bertan bazkaltzeko aukerarik ez dutenentzat ere, palestinar herria laguntzeko 0 lerroko txartel salmenta egingo dute 10 eurotan. Bilduko duten dirua guztia Gazara bidaliko dute zuzenean, bereziki ura eta janaria banatzeko.

Baina Etxara elkarteak helburu bikoitza du antolatzen dituen ekimen guztietan. «Gauza asko gertatzen ari dira munduan, baina Palestinako genozidioa atzeko planoan geratzen ari da, eta laguntza pittin bat bidaltzeaz gain, kontzientziak ez itzaltzeko horrelako ekitaldiak beharrezkoak dira», dio Ramon Muñozek. Horretan ari dira buru-belarri elkartea Hondarribiko herrian. Eta asteroko mobilizazioez gain, herrian antolatzen diren jardunaldi kulturalekin bat egin izan du azken bi urteetan. Azkena joan den maiatzean ospatutako Itsas Herria jardunaldietan. 

Elkarteak gogoratzen duenez, 2025eko uztailetik Hondarribian antolatutako bazkari eta herri ekimen ezberdinetan bildutako 14.000 euro zuzenean Gazara bidali zuten joan den abenduan. Santo Tomaseko txosna, Fenomena jaialdiko edalontzi solidarioa eta beste hainbat ekimenei esker bildutako elkartasuna. Gazako Langile Batzorden Batasun Independentearekin, Sumud Jerez elkartearekin eta beste hainbat kolektiborekin harreman zuzena du Etxarak, eta elkarteko Ramon Muñozek argitu duenez, laguntza guztia palestinar herriari heltzen zaio zuzenean.