San Pedro kaleko zenbait platanondoen osasun egoera kaxkarra dela eta, Hondarribiko Udalak ekainean iragarri zituen kimaketa lanak hasi dituzte aste honetan. Ez da horretarako garaia, baina zuhaitz berriak landatzeko udazkena dela kontuan hartuta, eta gaixorik edo hilzorian dauden zenbait zuhaitz ordezkatu beharko dituztenez, momentuz hauek kimatzeko erabakia hartu dute udal agintariek.
Estitxu Urtizberea, Hirigintza ordezkariak aditzera eman duenez, "kimaketa tekniko sakonak egingo dira adarrak erortzea edota ezbeharrak saihesteko". Argitu duenez, zuhaitz bakoitzaren egoera aztertu dute adituen laguntzarekin, eta hartu diren erabaki guztiak irizpide teknikoetan oinarritzen dira, herritarren zein bisitarien segurtasuna bermatzeko helburuarekin.
San Pedro kalean dauden 174 platanondoen azterketa sakona egin dute aurten, eta horietarik 50 osasun egoera kaxkarrean daudela ondorioztatu dute. Eta bereziki 14 zuhaitz kinka larrian daude. "Horietatik lau platanondo hilzorian edo hilda daude, eta kendu egin beharko ditugu, baina udazkenera itxaron behar dugu, hauek ordezkatzeko zuhaitz berriak landatzeko garai egokiena urria edo azaroa delako", azaldu du zinegotziak.
Urtizbereak argitu du, 2012 urtean Portua auzoko zaharberritzeko urbanizazio lanen ondorioz zuhaitz hauek "asko sufritu" zutela. Udalak arbolen ongizatea bermatzeko neurriak hartu zituen orduan, baina lur azpiko lanak egiterakoan sustraiak hunkitu zituzten, eta zenbait zuhaitz ordezkatu egin ziren bitartean, beste platanondo batzuk ez dute aurrera egin.