Espainiako Gobernuak aitortu du Josu Zabala arrazoi politikoengatik hil zutela

Koldo Nausia 2026ko uztailaren 9a

Biktima gisa aitortu dute 1976ko irailaren 8an guardia zibil batek Hondarribian tiroz hil zuen Josu Zabala Erasun. Familiak Ángel Víctor Torres Pérez ministroaren eskutik jaso du dokumentua. Bestalde, Irungo Auzitegiak tramitera onartu du Zabalaren hilketaren auzia, borondatezko jurisdikzioa aplikatuta. Eta Giza Eskubideen Behatokiak Irungo eta Hondarribiko udalei hilketaren 50. urteurrenean aitortza eta erreparazio ekitaldi bana antolatzeko eskatu die.

1976ko irailaren 8an, Eduardo Moreno Bergaretxe Pertur ETApm-ko kidearen desagerpena salatzeko Hondarribian egindako mobilizazioan hil zuten Josu Zabala Erasun. Enrique Pascual guardia zibilak tiroz hil zuen. Eta orain, 50 urte geroago, Espainiako Gobernuak aitortza egin dio Zabalari, aitortuz arrazoi politikoengatik hil zutela. Aitortza modu ofizialean egin dute, eta Lurralde Politikako eta Memoria Demokratikoko ministro Ángel Víctor Torres Pérezek eman die eskura dokumentua Josu Zabala Erasunen familiari.

Giza Eskubideen Euskal Herriko Behatokiak martxoan jakinarazi zuen Zabalari aitortza egiteko eskaera sorta bat bideratu zuela. Familiarekin hala adostuta, eta CCOO sindikatuarekin eta Hondarribiko Abotsanitz, EAJ eta EH Bilduren babesarekin, eragile hark Madrili eskatu zion Memoria Demokratikorako Legea aplikatzeko, eta Laminaciones de Lesaka enpresako kide zenari «aitorpen eta erreparazio pertsonalerako» adierazpen bat egiteko. Bada, iritsi da erantzuna, eta Espainiako Gobernuak zehaztu du Zabalari «arrazoi politiko eta ideologikoengatik» jazarri zitzaizkiola, eta eskubidea duela «bere memoria pertsonala, familiarra eta kolektiboa aitortzeko eta erreparazio morala lortzeko eta berreskuratzeko».

Memoria eta erreparazioa ez ezik, afera auzitara ere eraman zuten eragileek, eta Irungo Auzitegiak borondatezko jurisdikzioari dagokion prozedura judiziala izapidetzea onartu du. Horrek ez luke Zabalaren hiltzailea auziperatzea ahalbidetuko (Enrique Pascual guardia zibila), baina bide emango lioke jazotakoen inguruko ziurtagiri judizial bat eskuratzeari.

«Egia judiziala» ofizialki eskuratzeko, aldiz, trabak salatu ditu Giza Eskubideen Behatokiak. Izan ere, auziaren inguruko informazioa eskuratzeko asmoz, Ferrolgo Artxibo Militarrera jo zuten, baina erakunde hark «zentsuratutako» dokumentazioa helarazi diela salatu dute.

Bidasoko udalei eskaera

Irungo Udalak Zabalarekin zeharka lotuta dagoen beste erabaki bat hartu zuen joan den maiatzaren 29ko udal osoko bilkura. Meliton Manzanas Brigada Politiko Sozialeko buruari domina oro kentzeko eskaera bere egin zuen udalbatzak Egiari Zor-ek aurkeztuta mozio bat onartuta. Hain zuzen, Manzanasek Zabalaren aita torturatu zuen.

Giza Eskubideen Behatokiak ontzat jo du erabaki hura, baina urrats gehiago espero ditu, eta «mozio hori ez dadila lekukotasun hutsean geratu». Espainiako Kongresuko eta Senatuko talde politikoek bere egin dezatela eskatu du, Espainiako Gobernuak dominak kentzea lortu arte. Horretarako, behatokiak gogoratu duenez, Memoria Demokratikorako legea aplikatu besterik ez da egin behar.

Era berean, Giza Eskubideen Behatokiak Irungo eta Hondarribiko udalei Espainiako Gobernuaren ebazpena kontuan hartu dezatela, eta hilketaren 50. urteurrenean aitortza eta erreparazio ekitaldi bana antolatzeko eskatu du. 

Alde horretatik, Hondarribiko Udalak hainbat urrats egin ditu dagoeneko. Egiari Zor fundazioko kideekin eta udal ordezkarien parte hartzearekin solasaldia antolatu baitzuten joan den ekainaren 12an Kultur Etxean, eta 40. urteurreneko dokumentala proiektatuko zuten. Bertan Josu Chueca Intxusta eta Aitzol Arroyo Tumas historialariak, Pilar Garaialde Egiari Zor Fundazioko bozeramaileak eta udal ordezkariek hartu zuten parte. Eta iragarri dutenez, aurten Zabala hil zuteneko 50. urteurrena dela eta, irailaren 5erako Hondarribiko Udala San Pedro kaleko Zabalaren txokoan omenaldia prestatzen ari da eragileekin, senideekin eta herritarrekin batera.