Egiluzeko plataformaren eredua udalerriko gainerako ikastetxeetara zabaldu du udalak azken hilabeteotan. Estitxu Urtizberea zinegotziak nabarmendu baitu plataformak gorriz margotzeari eta lurreko piktograma bidezko seinaleztapenari esker «oro har emaitza positiboak» izan direla zirkulazioaren abiadura apalduz. Hala ere, Egiluze ikastetxearen kasuak neurri osagarriak eskatzen zituela aitortu du. «Herriko sarrera nagusietako batean dago kokatuta, zirkulazio-fluxu handiko gunea da eta gidariak ez dira oraindik ohartzen hor eskola bat dagoela, eta ibilgailuak, sarritan, abiadura handian igarotzen dira», argitu.
Egoera honek eskola-komunitatean eta inguruko bizilagunen artean sotzen zuen kezka kontuan hartu du udalak, ikastetxearen aurreko plataforman piktogramak eta zebra-bidea margotuz, eta "a demanda" semaforoak instalatuz. «Semaforoa beti anbar kolorean egongo da, eta beraz zebra-bide bat dagoenez, oinezkoak beti izango du lehentasuna, baina seguru ez dagoenak botoi bat sakatuz semaforoarekin trafikoa gelditu dezake», azaldu du Urtizbereak.
Alde horretatik, oinezkoen eta, bereziki, eskolara doazen adingabeen segurtasuna indartu nahi dute, Hondarribiko Udalarentzat «eskola-inguruetako segurtasuna lehentasunezkoa» delako. Aipatutako hobekuntzak udako hilabeteotan egin dituzte, hain justu, irailean eskola sartzerako dena prest egon dadin.
Nolanahi ere, Estitxu Urtizbereak azpimarratu du segurtasuna hobetu dezaketen azpiegiturak funtsezkoak diren arren, bide-segurtasuna guztion ardura dela. «Udalak beharrezko baliabideak jartzen ditu, baina gidariek abiadura egokitu eta zirkulazio-arauak errespetatzen dituztenean bakarrik lortuko dugu benetan eskola-ingurune seguru bat». Hortaz, gidari guztiei dei egin die eskola-inguruneetan arreta bereziaz gida dezaten, eta abiadura-mugak zorrotz errespeta ditzaten oinezkoei lehentasuna emanez. Zentzu horretan, udal ordezkariak gogoratu du Hondarribiko herri osoan 30 kilometro orduko abiadura muga dagoela.