Jaizkibelek alardearen konpainia desberdinetako jantziekin desfilatzeko proposamena zabaldu die parte-hartzaileei

Paola Oskoz 2026ko abuztuaren 10a

30 urte beteko dira aurten emakumeak alardean sartzeko saiakera egin zutela. Urtemuga berezi hori ospatzeko, Jaizkibelek proposamen berri bat egin die aurtengo irailaren 8an euren desfilean parte hartuko dutenei. Alardeko konpainia desberdinen jantziak eramatera animatu die, herria kolorez jantzi eta herriarentzat eta herritarrenak diren jaiak aldarrikatzeko. Orain artean eman diren urratsak oroitzea eta hurrengo urratsak norantz emanen diren ikusteko helburua izanen du keinuak. 

Hiru hamarkada dira Hondarribian emakume talde batek alardean ateratzeko saiakera egin zuenetik, jai parekide batzuen aldeko aldarria plazaratuz. Urtemuga hori ospatuko du Jaizkibel konpainiak aurtengo irailaren 8ko desfilean, eta proposamen berri bat zabaldu die parte-hartzaileei horretarako. Alardeko konpainia desberdinetako kolore eta jantziekin ateratzera gonbidatu die, herriarentzat eta herriarena den alarde bakarra nahi dutela erakusteko. Keinu honekin, 30 urte hauetan eman diren urratsak oroitarazi nahi dituzte eta aitzinera begiratu, emanen diren hurrengo urratsak nondik joanen diren ikusteko. 

Nondik gatozen oroitzea beti da garrantzitsua, bidean eman diren urratsak goraipatu edo ez errepikatzeko. Aldi berean, etorkizunean emanen direnak nondik ematen ahal diren ikusteko balio du eta hori da Jaizkibel konpainiak eginen duena hurrengo irailaren 8ko alardean. Hiru hamarkada pasatu dira emakume talde batek lehen aldiz alardean parte hartzeko saiakera egin zuela, jai parekideen aldeko aldarria plazaratuz. Urtemuga berezi hori ospatuko dute aurtengo desfilean eta horretarako, alardeko konpainia ezberdinetako kolore eta jantziekin ateratzeko gonbita luzatu die Jaizkibelek bere parte-hartzaileei. Uxoa Anduaga kideak aitortu duenez, helburua “herriarentzat eta herriarena den alardea nahi dugula azpimarratzea da, bakarra eta neska zein mutilek parte hartzeko aukera izanen duguna”. Ideia da, “desfilatzeko garaian, aukera ematea ilaretan bestelako koloreekin, bestelako konpainien jantziekin, ateratzea”, ulertzen baitute Jaizkibelen “beste kolore horiek bizi eta gozatu” nahi duen jendea dagoela eta horrela, “denona den alardea bizitzeko eskubidea” bermatzen dela.

Irunen ez bezala, Hondarribian alarde baztertzaileko konpainiek bere janzkera eta kolore propioak dituzte. Anduagak jakinarazi duenez, “hondarribiar askok bere historiagatik, haurtzaroagatik edo auzoagatik, kolore batzuk hurbilago ditu eta horiekin bizi nahi du besta”. Aukera hori ez da posible izan batzuentzat eta horri “ateak zabaldu” nahi dizkio Jaizkibelek. “Kolore horiek denonak dira eta aukera izan behar dugu kolore horietan elkarri begiratzeko eta jaia bizitzeko. Aniztasun horrek aberasten gaituela erakutsi nahi dugu. Denon parte hartzeak ez duelako kentzen, gehitu baizik, eta herritar guztiek eskubidea dugu gure jaiez nahi dugun moduan gozatzeko”, gaineratu du Anduagak. 

Proposamena eginda, aurtengo irailaren 8ko alardea “sorpresa” bat izanen dela aitzindu du Jaizkibelgo kideak: “Guk deialdia ilusioz zabaldu dugu, pentsatzen dugulako keinu polita dela eta jendeak gogoz hartuko duela. Jaizkibelen ilaretan gure identitatea egongo da eta, bere barruan, kolore aniztasuna islatu dadila nahi dugu, alardean parte hartzeko gogo eta ilusioa. Ortzadarraren irudi hori egongo balitz, oso polita izango litzateke”. Ideia berri honek jende berria erakarriko duela ere uste du Anduagak, inoiz parte hartzera animatu ez denari, gogoa piztuko zaiola alegia, agerian geldituko den “aniztasunak bultzatuta”. 

Uxoa Anduagak oroitarazi duenez, herrietako jaiak “familiartean eta lagunartean, elkarrekin, ospatzeko aukera” dira, eta Hondarribian ere horrela izatea nahi dute. Aurtengo proposatutako keinu horrek “Jaizkibel ez ezik, kaleak kolorez beteko dituela” uste dute eta “elkarrekin partekatzeko bestelako espazio, denbora, harremanak eta elkarrizketak” sustatuko dituela, “jaiak eta alardea berreskuratzeko aitzakia polita” dela sinetsita baitaude.