Hondarribiko Udalak, Jaizkibel konpainiak eta HAOSEk hitzarmen bat sinatu zuten iazko jaien ondotik, alardearen inguruko gatazka sozialean elkar ulertzea eta konponbide partekatuak sustatzeko bitartekaritza prozesu bati ekiteko. Prozesua bideratzeko udalak Baketik Fundazioarengana jo zuen. Hasiera batean alde guztiek onartu zuten prozesuari ekitea, bi bilera udalaren eta Jaizkibel konpainiaren artean, eta beste bi udalaren eta HAOSEren artean egiteko. Aldiz, Jaizkibelen eta HAOSEren arteko bilerarik ez da eman. Eta prozesuaren «hasiera fasea» bazen ere, HAOSEk udalari jakinarazi zion utzi egingo zuela bitartekaritza prozesua.
Hondarribiko Udala «arduratuta» dagoela adierazi du atzo ohar baten bidez, «alardearen auzian egoera hobetu zezaketen bideak urratu direlako». Eta udal ordezkariek berriro ere elkarrizketak hastea nahi zuten, izan ere, Udal Gobernuak jakinarazi du Alardearen inguruko gatazka sozialari konponbide partekatu eta iraunkorra emateko lanean jarraitzen duela. Baina onartu dute orain artean ez dutela halakorik lortu. Hala ere, Hondarribiko Udalarentzat «ezinbestekoa» da akordio partekatu baten alde egitea, baina HAOSEk elkarrizketa prozesua etetea erabaki duela nabarmendu dute.
Ez, ordea, Jaizkibelek. Konpainia parekideak argitu du, ez dela lehen aldia halako zerbait gertatzen dela. Eta orain arte egin duten bezala, planteatzen zaizkien elkarrizketa proposamen guztietan parte hartu duten bezala, aurrerantzean ere parte hartzen jarraituko dutela argitu dute.
Gogoratu beharra dago, Jaizkibelek 30 urte beteko dituela aurten emakumeen parte hartzea aldarrikatzen eta oinarrizko eskubideen defentsan. Konpainia parekideak nabarmendu duenez, hiru hamarkada igarota «formula berriak» aurkitu beharra dago, «hitz egiteko prest» daudenen artean hitz egiteko. Aldi berean, irailaren 8 honetarako, formula berriak bilatu nahi izan dituzte aurten ere, hondarribiarrak Jaizkibel konpainian desfilatzera gonbidatuz.
EAJ-PNVren irakurketa politikoa
Bien bitartean, Hondarribiko EAJ-PNVk ohar bat plazaratu zuen atzo udalak egindako komunikazioari erantzunez, eta udal ordezkarien jokamoldea kritikatuz. Prozesua eten eta HAOSEk elkarrizketa bidea utzi duela publiko egitea, irailaren 8tik hurbil gauden honetan, jaien bezperetan, helburu jakin bat duelakoan daude jeltzaleak. Zalantzan jarri dute Abotsanitzek eta EH Bilduk, orain arte udaleko talde politiko guztiek zuhurtziaz kudeatu beharrekoa zela iritzitako
egoera publiko egitea erabaki izana, eta galdetu dute zer bilatzen duen Udal Gobernuak komunikazio honekin.
Jeltzaleek Udal Gobernuaren «autokritika falta» deitoratu dute, eta zalantzan jarri dute «inplikatutako eragileetako bat publikoki seinalatzea» elkarrizketa berreskuratzeko eta konfiantza berreraikitzeko modua ote den.