Lurraldebusek aparteko zerbitzuak emango ditu Hondarribiko jaietan irailaren 3tik 11ra bitartean

Antxeta Irratia 2026ko abuztuaren 27a

Hondarribiko Jaiak direla eta, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Hondarribiko Udalak Lurraldebus zerbitzua indartzea adostu dute. Zerbitzu bereziak eskainiko dituzte Hondarribia-Irun eta Hondarribia-Donostia artean, irailaren 3tik 11ra bitartean, ekitaldi ezberdinek eragindako beharren araberakoak. Bestalde, hiribusaren gaueko zerbitzua, irailaren 4ean, 5ean, 6an, 8an eta 10ean izango da, gauerditik 06:00etara ordu erdiro (puntuetan eta erdietan), San Juan de Dioseko biribilgunetik abiatuta eta ohiko ibilbidea eginez.

Hondarribiko jaietara hurbiltzen den jende andana kontuan hartuta, Lurraldebusek zerbitzuak indartu egingo ditu irailaren 3tik 11ra bitartean. Azahara Dominguez, Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak azaldu duenez, «jaiak modu jasangarrian eta bereziki seguruan gozatzeko» Hondarribira joan-etorriak erraztu nahi dituzte horrela.

Hartara, egun eta ospakizunek eragingo dituzten beharrei erantzuteko ordutegi eta zerbitzu ezberdinak egokituko dituzte jaietako ekitaldien arabera. Aditzera eman dutenez, Lurraldebuseko E78 (Hondarribia-Irun) lineari dagokionez, irailaren 3tik aurrera gaueko 23:00etan hasiko da Hondarribitik, eta 23:15ean Irundik. E27 (Hondarribia-Donostia) linea, aldiz, irailaren 5, 6 eta 7ko gauetan gauerditik goizeko 6:00ak arte ordu erdiro emango du zerbitzu, eta E78 ordu laurdenero, 23:15etatik goizeko 6:00ak arte Hondarribitik, eta Irundik abiatuta 23:30etan izango da lehen zerbitzua egun horietan, 6:45ak arte.

Irailaren 7tik 8rako gauean, berriz, E27 linea 22:40ean eta 23:30ean izango ditu irteerak Donostiatik, eta 22:40ean Hondarribitik. Eta E78 lineak, berriz, 23:00etan eta 23:15ean Hondarribia eta Irundik.

Irailaren 8an, Alarde egunean zerbitzu bereziak goizeko 5:30ean hasiko dira Irundik E78 linean, eta 5:45ean eta 6:05ean izango dira ere. Eta arratsaldean E25 linea ere indartuko dute 16:00etatik aurrera. Gauez, aldiz, E27 lineak zerbitzu berezia izango du, 22:40ean hasi eta ordu erdiro goizeko 6:00ak arte. E77 lineari dagokionez, Hondarribitik 23:00etan eta 00:00etatik 6:00etara ordu erdiro izango ditu irteerak; Donostiatik, berriz, 23:20an eta 23:50ean, eta 00:50etik 6:50era 30 minuturo.

Irailaren 9tik 10erako gauean, asteazkenetik ostegunera, E78 linearen zerbitzu berezi bat jarriko dute martxan, Hondarribitik 23:00etan eta 23:30ean, eta Irundik 23:15ean eta 23:45ean irtengo dena.

Jaietako gainerako egunetan ere, Bentako kontzertuetara joan-etorria egiteko aparteko zerbitzuak emango dituzte, ordutegi guztiak Lurraldebuseko webgunean edo 900 300 340 telefonoan kontsultatu ahal izango dira.