Ezpata-Dantza saioaren ibilbidea Portura ere zabalduko du Kemenek aurtengo jaietan

Antxeta Irratia

Irailaren 9an urteroko Ezpata-Dantza eskainiko du Kemen Dantza Taldeak Hondarribiko jaietan, baina aurten Alde Zaharrean ez ezik, Portua auzora ere joko dute. Ibilbidea aldatu dute «ekimena herrian hobeto errotzeko asmoz», eta Hermandadean Done Pedro Itsasgizonen Kofradiari keinu bat eginez herriko bandera dantzatuko dute. Ekitaldia Arma Plazan amaituko dute brokel zikloarekin.

Kemen Dantza Taldeak uda oparoa izan du. Urtero bezala Irungo San Pedro eta San Martzial jaietako ekitaldiekin hasi eta Hondarribiko jaietan herriari eskaini ohi dion Ezpata-Dantzarekin borobilduko du. Tartean baina, abuztuan Irungo Euskal Jiran eta Moskuko jaietan ere parte hartu zuen, eta elkarteko dantzariek Herri Katalanetan ospatutako Esdansa festibalaren 44. edizioan ere parte hartu zuten abuztuaren 17tik 23ra.

Esan bezala, Hondarribian bururatuko dute udako eskaintza, eta urteroko hitzordua izanagatik ere, aurtengoa ez da urterokoa bezalakoa izango. Kemen Dantza Taldeko kideek aditzera eman dutenez, irailaren 9an (18:00etan) Gernikako Arbolatik egingo dute ohiko Ezpata-Dantzaren irteera, eta Arma Plazako dantza erakustaldiarekin amaituko bada ere, aurtengoan ibilbidea aldatu egin dute. 

Dantza taldeko kideek argitu dutenez, berrikuntza txiki bat izango da ekimena indartzeko xedez. «Orain arte Alde Zaharrean ibiltzen ginen, baina aurten herrian gehiago errotzeko helburuarekin Portua auzora ere jetsiko gara» iragarri dute. Hermandadera hurbilduko dira, izan ere, orain arte egiten ez zuten geldialdi honetan «Kofradiak herrian duen garrantziari keinu bat eginez» aurretik udaletxean jasotako herriko bandera dantzatuko dute, eta dantzari txikiek Ezpata-Dantza eskainiko dute. Ondoren, Alde Zaharrera joko dute berriz, eta Arma Plazan brokel makilen zikloa dantzatuko dute ekitaldia amaitzeko.

Erlazionatuak

Kemenek dantza ikastaroetan izena emateko epea zabaldu du

Aitor Errazkin ira 03, 11:00 Behe Bidasoa