Hondarribiko aireportuaren lehiakortasuna hobetzeko berritze lan nabarmenak aurreikusten ditu AENA erakundeak datozen urteetan. Joan den martxoan aireportuaren sustapenerako Ortzibia sozietateak aditzera eman zuenez, euskal aireportuak berritzeko inbertsioak uste baino handiagoak izango dira Hondarribian. Izan ere, AENAk argitu du, DORA II proposamenak aurreikusten zuen 8,5 milioi euroko inbertsioa, 41,8 milioi eurokoa izango dela 2027-2031 urtaldirako. Gogoan hartu behar baita, AENAk 2027-2031 urtaldirako estatu mailan 13.000 milioi euroko inbertsio plana aurreikusia duela, eta kopuru horretatik 470 milioi euro hiru euskal aireportuetara bideratuko dituela.
Hondarribikoaren kopuruaren gehiengoa segurtasuna hobetzeko eta operazio-teknikoen teknologietara bideratuko dute. Hain justu, azaro honetan ekingo diote PAPI izeneko argiztapen sistema berria instalatzeko lanak. Baina epe ertainera begira, hegazkinak estazionatzeko plataforma berria eta pista hobetzeko lanak egingo dituzte, eta azken honen kasuan, aireportuaren jarduera erabat gelditzera behartuko duten esku-hartzeak egin beharko dituzte.
Ortzibiak iragarri duenez, hobekuntza lan hauek egiteko, aireportuko pista lau astez ez da erabilgarria izango. Eta aurreratu dute 2028ko lehen seihilekoan egitea erabaki dutela. Egungo pistaren gainazala berritu eta asfaltatze lanak egingo dituzte azpiegitura sendotzeko. Eta bestetik, aireportuaren salbuespen egoera atzean uzteko hartu zen erabakiekin bat eginez, pistaren zoladuran artekak egingo dituzte, zirrikituetatik euri urak hobe drainatzeko batetik, eta lur hartzen duten hegazkinek azkarrago gelditu daitezen.
Era berean, Hondarribiko pistaren itsas-hesia eta bidaiarien igarotze aretoen hobekuntza aurreikusten dute.