Beldurra zuten nagusi Ana Iriazabalek eta Ixabel Alkainek duela 30 urte. Ondotik mina etorri zen. Bietako bakar bat ere oraindik desagertu ez delarik, hiru hamarkada geroago, banderola baten gibeletik egin dute gaur Hondarribiko Kale Nagusiko igoera, Jaizkibel konpainiaren aitzinetik. "Gaur 30 urtez borrokan, emakumeok alardean" zioen pankartak, eta 1996an atera ziren 26ak hor ez baziren, dozena bat baziren omenduak gaur. Arma Plazarainoko bidea egin dute, eta bertan irrintzi, txalo eta oihu artean hartu dituzte.
Iriazabal eta Alkainek kontatu dutenez, soto batetik atera ziren 1996ko alarde egunean, eta gaur txaloekin jaso badituzte hainbatek, orduan irainak eta mehatxuak izan ziren nagusi. Egun hartan, baita hurrengoetan ere: "eskopeta alutik sartuko dizut", "puta zikina", "lesbianak" eta bertze hainbertze aipatu dituzte. Giro hura irailaren 8tik harago hedatu zela azpimarratu dute biek Antxeta Irratian Jaizkibelen gaurko desfilea bukatu berritan, eta herrian bizitzeak ekarri zien zailtasuna azaleratu.
30 urtetan "kalea irabazi" bada, Jaizkibel konpainiaren lanari esker izan dela uste du Ixabel Alkainek, eta erakundeei deitoratu die behar bezain beste lan egin ez izana. Bazterkeriak jarraitzen duen honetan, berdintasun legea aplikatzean ikusten du konponbidea. Hala ere, orain 30 urte bezala, elkarrizketa jarri du konponbide bezala, eta ikasturtean zehar Udalak sortutako negoziaketa mahaitik HAOSE joan izana etsipenez bizi duela azaldu.