Elkarretaratze jendetsua egin dute Hondarribian GKSk deituta «poliziaren bortizkeria eta inpunitatea» salatzeko

Antxeta Irratia

Hondarribiko jaietako Arrantzale Egunean emandako istiluen ondoren, Bidasoako GKSk elkarretaratzera deitu zuen ostiralean, Martxoak 8 plazatxoan, «poliziaren bortizkeriaren eta inpunitatea» salatzeko. Ertzaintzak bi lagun atxilotu zituen Itsas Etxeko teilatutxoan faxismoaren kontrako pankarta bat zintzilikatu eta gero, Hondarribiko udaltzainek esku hartu, eta bi gazte eskuburdinekin lotu ondoren, istiluen aurkako ertzain agenteak deituta. Atxilo eraman zituzten bi gazteei desordena publikoa leporatu diete.

GKSko kideek azaldu dutenez, bai Hondarribian eta bai Irunen ohituta daude «propaganda politikoaren aurkako jazarpenaren nolabaiteko normaltasunaren barruan» bizitzera. Baina irailaren 11n Hondarribian gertatutakoak «orain arte ezagutu ez dugun operazio polizial neurrigabea» izan dela diote.

Argitu dutenez, udaltzainak hurbildu zirenean euren burua identifikatzeko prestu agertu ziren gazteak, eta eskaileratik jaisten hasi zirela, udaltzainen jarrera oldarkorra izan zela salatu dute. «Udaltzainek bortizki eskaileratik bultza gintuzten eta gure burua arriskuan jarri, eta inguratu zen jendea borraz jo zuen Udaltzaingoak, eta gainera, Ertzaintzari hots egin zion», azaldu dute.

Testuinguru horretan, GKSk salatu du zerbitzuz kanpo eta mozkor zegoen eskualdeko ertzain bat hurbildu zitzaiela, eta «harropuzkeriaz» oldartu zela haien aurka. «Lepotik hartu eta paretaren aurka bota gintuen, eta inguruko jendea ere eraso egin zuen», azpimarratu dute. Jarraian, Ertzaintzaren istiluen aurkako operatiboa martxan jarri zuten Matxin de Arzu kalean (Itsas Etxe aurrean), ezkutu, borra eta foam jaurtigailuekin. Salatu dute ere, gertatutako guztiaren ondotik, zerbitzuz kanpoko ertzaina Mugimendu Sozialistaren Bentako txosnara joan zela probokatzera.

Alde horretatik, Hondarribiko Udaltzaingoaren jarrera «aspalditik datorren arazoa da, eta irailak 11n eztanda egin zuen» dio GKSk. Haien arabera, «arbitrariotasuna, nagusikeria, indarkeria eta mugimendu politikoen aurkako jazarpen konstantea, ez dira gertutasuneko polizia» baten lanerako irizpide egokiak, eta salatzen dutenez, «Estatuaren beso armatua dira eta mugimendu politikoak erreprimitzeko gogoz eta herritarron gainetik sentitzeko beharra duen jendez dago osatuta dago». 

Gertatutakoaren ondotik, eta udaltzainak Hondarribiko Udalaren eskumena direla kontuan hartuta, udal agintarien erantzukizuna nabarmendu dute GKSko kideek «Udaltzaingoan joera hau onartzeagatik».