Amaitu berri diren Hondarribiko Jai Nagusien balorazioa egin du Hondarribiko Udalak. Ohar baten bidez aditzera eman duenez, herriko 34 elkarte eta eragileekin batera antolatutako 100 ekitaldi baino gehiagotaz gozatzeko aukera izan da egun hauetan. Alde horretatik, Ortzi Alonso Kultura zinegotziak jaiak elkarlanetik antolatu dituztela gogoratu du, eta herritarrek elkarrekin jaiak ospatzeko gaitasuna erakutsi dutela.
Baina balantze orokorra positiboa izan bada ere, zoritxarrez, jaietan bizi izan den giro bikaina «zipriztindu» duten zenbait gertakari eman direla azaldu du Igor Enparan alkateak. Udal agintariek «gaitzespenik irmoena» adierazi nahi izan dute «zapore gazia» utzi duten indarkeria kasuen aurrean. Hondarribiko Udalak abian jarritako indarkeria matxisten kontrako arreta zerbitzu eta prebentzio kanpaina aktibo egon bada ere, jaietan zehar hiru indarkeria matxista kasuren berri izan duelako Hondarribiko Udalak. Enparanek argitu duenez, «erasoak ez dira jai eremuan eman, baina bai jaien testuinguruan».
Horren aurrean, elkartasuna, babesa eta hurbiltasuna helarazi nahi izan dizkie indarkeria horiek jasan dituzten emakumeei. Eta udalak gogoratu du «emakume guztiek bizitzako esparru guztietan askatasunez, segurtasunez eta beldurrik gabe bizitzeko duten eskubidea defendatzen» jarraituko duela. «Jai-giroak ezin du inola ere justifikatu emakumeen aurkako indarkeriarik, jazarpenik edo bestelako jokabide matxistarik», azpimarratu dute ohar baten bidez.
Era berean, Hondarribiko Udalak gogorarazi du emakumeen aurkako indarkeria ez dela jai edo aisialdi-eremuetara mugatzen, eta eguneroko bizitzako hainbat esparrutan gerta daitekeela. Horregatik, emakumeen askatasuna eta segurtasuna bermatzea urte osoko lehentasuna dela azpimarratu du, eta orain arte bezala, prebentzioa, sentsibilizazioa eta arreta indartzen jarraituko duela, izan jaietan, izan lantokietan, baita eguneroko bizitzako gainerako esparruetan ere.
Arrantzale Eguneko istiluak
Bestalde, joan den ostiralean Bidasoako GKSk deituta Martxoak 8 plazan gazte kolektibo ezberdinek «poliziaren bortizkeria eta inpunitatea» salatzeko elkarretaratze deialdia eragin zuten istiluak argitu ditu udalak. Arrantzale Egunean 22:30ak aldera GKSko bi kide atxilotu zituen Ertzaintzak desobedientzia zibila leporatuta, Itsas Etxean faxismoaren kontrako pankarta bat zintzilikatzen saiatu ondoren. Gazte kolektiboek poliziaren jarrera oldarkorra salatu duten bitartean, Hondarribiko EAJ-PNVk Udaltzaingoaren profesionaltasuna azpimarratu zuen atzo, eta udal langileak babesteko eta udal agintariei gertatutakoa argitzeko eskatu zuten jeltzaleek.
Udalak gaur azaldu duenez, hilaren 10ean Udaltzaingoak sute abisua jaso zuen eta Itsas Etxera bertaratu zenean esku hartu behar izan zuen, parte hartzen ari ziren pertsonen segurtasun fisikoa arriskuan egon zitekeelako, baita inguruan zeuden herritarrena zein eraikin publikoaren osotasuna ere. Alkatearen arabera, «gertakaria ez da pankarta bat zintzilikatzea solik izan». Alde horretatik, sare sozialetan hedatu diren irudien arabera, aipatutako pankarta jartzerako garaian gazteek bengala bat piztuta igo ziren Itsas Etxeko teilatutxora. EAJ-PNVk egin dituen adierazpen publikoetan udal eraikinari su ematen saiatzea egotzi diete gazteei. Udalak, aldiz, gertatutakoa Ertzaintzaren ikerketapean dagoela argitu du. Igor Enparan alkateak udaltzainek jaietan egindako lana goraipatu nahi izan du, haiena bezala, garbiketa eta jaien antolaketan ere lanean aritu diren udal langile guztiak ere.